GARA
IRuñea

TCCko langileak bigarrenez greban bi urteren ostean hitzarmena berritzeko

TCCko langileek arratsaldeko zazpietatik gaueko hamaiketara gelditu zituzten «villavesak» asteazkenean, enpresako zuzendaritzari gehiengo sindikalak adostutako hitzarmen berri bat eskatzeko. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek deitu zuten protesta.

Eskualdearteko hiri-garraioko langileek bigarren greba egin zuten asteazkenean, ELA, LAB eta ATTUk deituta. Hitzarmen berria eskatzeko deitu zituzten hilaren 14ko eta herenegungo lanuzteak sindikatuok.

Deitzaileen arabera, langileen %40k egin zuten bat 19.00etatik 23.00etara deitutako lanuztearekin. TCCko zuzendaritzak, berriz, %22ko parte-hartzea izan zuela eta 119 villavesetatik 26 gelditu zirela esan zuen.

Halaber, langileek elkarretaratzea egin zuten 20.00etatik 21.00etara, Ezkabako garajearen parean. Carlos Villain enpresa-batzordeko presidenteak, ELAkoak, baietsi zuenez, urtarrileko akordioa sinatzeko prest egongo lirateke, betiere hobekuntzak aurkezten badira.

Lehenengo lanuztetik asteazkenekora, Mankomunitateak ezarritako zerbitzu minimoak aldatu zituen. Hilaren 14koan, %60koak ezarri zituen; oraingoan, berriz, %40koak. LABek salatu zuenez, lehendabiziko greban, hiru zentraletako afiliatuak jarri zituen enpresak zerbitzu minimoak egiten, eta horrek eragina izan zuen parte-hartzean.

Sindikatuen arteko gatazkak

Bi urteko negoziazioaren ostean iritsi dira lanuzteak. Hitzarmen berriaren eske protestak abiatu zituzten sindikatu guztiek batera, baina iragan abenduko hauteskunde sindikaletan gehiengoa galdu baino egun batzuk lehenago, UGT eta CCOO sindikatuek enpresak egindako proposamena onartu zuten; gainerako sindikatuek salatu zutenez, beraiekin «ezer kontrastatu gabe».

Ia lau urtez atxikitako KPIa langileei itzultzean zetzan akordioa, eta langileek banan-banan sinatu zuten, TCCren arabera, pertsonalaren %99k. «TCCk, UGTren eta CCOOen babesarekin, langile bakoitzari zegokiona itzultzearen truke koadrante berezi bat ezarri du, prekaritate handiagoa ekarriko duena», salatu zuen LABek.