GARA
BILBO

Hildako Bidelaneko langilea oroituz, istripuak «kasualak» ez direla salatu dute

Ostegunean A-8an hildako langilea gogoratu zuten atzo, eta sindikatuek salatu zuten istripuak ez direla «kasualitatea». Ikertzeko eta azpiegituren gainetik langileen bizitzak zaintzeko neurriak eskatu zituzten.

Bidelan enpresako lankideek A-8 autobidean hildako langilea gogoratu zuten atzo. Ostegunean gertatu zen istripua. 48 urteko soraluzetarra elektrokutatuta hil zen mantentze-lanak egiten ari zela. Heriotza honekin, gutxienez 8 dira aurten lanean hildakoak, LABek salatu zuenez.

Garbiñe Aranburu buru duen sindikatuak nabarmendu zuen soilik azken astean lan istripu bi izan direla errepideen mantentze-lanetan, eta gaineratu zuen GI-2132 errepidean Astigarraga parean lan istripua izan zuen langileak oso larri jarraitzen duela. «Azken bi istripu hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazio politikoa azpimarratu nahi dugu, errepideen mantentze lanak kanporatu egin dituelako», salatu zuen.

Aldundiari «behingoz beharrezko ikerketa abiaraztea» exijitu zion LABek, baita «neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzeko, eta epaileei «erantzuleei ardurak exijitzeko».

ELAk oroitarazi zuen «lan istripuak ez direla kasualitate edo zorte txarraren ondorio, baizik eta langileen lan eta bizi baldintzen gainetik irabazi ekonomikoak jartzen dituen eredu ekonomiko honen logika neoliberalarekin lotura zuzena dutela». Azken kasu honetan, gainera, ELAko ordezkaritzak enpresan aldez aurretik jakinarazi zituen «laneko prozeduren hutsuneak eta ondoriozko arrisku egoerak».