Lohitzune Txarola Gurrutxaga
Eusko Alkartasunako Giza Eskubideen idazkaria
KOLABORAZIOA

Memoriaren lorategia

Iritsi da beste urte batez martxoaren 11, eta beste urte batez 2004ko martxoaren 11n Madrilen atentatu jihadistak gertatu ziren goiz latz horretan egin genuenaz gogoratuko gara. Gure burura etorriko dira hainbat oroitzapen, gure bihotzetara hainbat emozio. Hain ikaragarria, bortitza eta ezezaguna izan zen atentatu hura, ezen bi astera, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna izendatu zuen EBk martxoaren 11. Geroztik urtero gogoratua izan da, eta urtero izan du kutsu politiko eta polemikoa Euskal Herrian.

Data hau, Espainian, ETAren biktimen elkarteen eta Madrileko atentatuen biktimen arteko liskarrek markatu dute. EAEn, orain 4 urte Jaurlaritzak egun honetarako antolatu izan diren oroitzapen egunetan parte hartu izan du, eta iaztik berak antolatu du ekitaldia, ETAk eragindako biktimak omentzeko.

Aurten Donostian egingo da Jaurlaritzaren ekitaldia, eta besteetan bezala, leloan eta deialdian argi geratzen da euskal gatazkaren ondorioz izan diren biktimen alde bat bakarrik omenduko dela. Gonbidapenak hala ezartzen du: «Terrorismoaren biktimenganako euskal gizartearen mezu gisa eratuko da leloa: ‘Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz’». Ez da justua hau horrela izatea, uste dugulako biktima guztiak omendu behar direla, eta elkarbizitza sustatzeko ezinbestekoa dela biktima guztien memoria landuko duten omenaldiak antolatzea, batzuen eta besteen arteko arrakala handitu beharrean.

Hainbatetan agerrarazten dugu Euskal Herrian, biktima nor den edo, hobeto esanda, nork erail duen begiratzen dela omenaldi batera joan baino lehen, eta hil duenaren arabera hau egitea zilegi omen da. 1984ko azaroaren 20an GALek Santi Brouard hil zuen, geroztik, urtero omenaldia egiten zaio, Josu Muguruzarekin batera, 1989ko egun berdinean, Alcala Hoteleko atentatuan hildako HBko diputatuari. Aurten ere, lore eskaintza horretan, adibidez, ez zegoen Alderdi Popularra ordezkatzeko inor, baina inork ez zuen PPren izate demokratikoa zalantzan jarri. Egoera kafkiar honetan, oraindik ere begiratu egiten delako nor izan den hiltzailea, jakiteko omenaldia egitea politikoki egokia den eta zer-nolako ordezkaritza merezi duen omenaldi horrek.

Euskal gatazkan lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daude, eta benetako elkarbizitza lortzea baldin bada gure helburua, ezin dugu hori horrela izan dadin utzi. Herri honetan bizi izan den indarkeriaren ondorioz sufritu duten guztiek merezi dute gure omenaldia. Egun, ETAren biktimak entzuten ditugunean esaten 80ko hamarkadan lotsatu egiten zirela, eta herrietan mespretxatu egiten zituztela, lotsa eta auzo-lotsa sentitzen dut. Ez dezagun berriz hanka sartze berdina egin, ez ditzagun orain beste batzuk mespretxatu eta ahaztu, hainbat hildako eta sufrimendu uzten ari baikara omenaldietatik kanpo, eta haiek ere merezi dute egun bat, besarkada goxo bat, eta, batez ere, aitortza.

Aurten ere, “Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz” lelopean, Eusko Jaurlaritzak prestatu duen omenaldian egongo gara, bidegabe izan dela sinistuak gaudelako, Eusko Alkartasunak horrela egin duelako bere sorreratik bertatik. Espero dugu 2020an biktima guztiak batuko dituen omenaldi bat egotea, eta horretara denak bertaratzea, denek merezi baitute denen omenaldia, denentzako izan behar baitira, Euskal Herrian hainbatetan ezartzen ditugun loreak. Hurrengoetan, izan Brouard, izan Lidon, izan Martxoaren 3ko langile erailak edo/eta atentatu jihadistetan hildakoak, lore eskaintza jasotzen duenak, denak egon gaitezen espero dut, denon artean sor dezagun guztiak gogoan izango dituen lorategia.