Patxi GAZTELUMENDI
bilbo

Getariatik mundura abiatu zen Elkano, herriz herri antzerkian

Duela 500 urte gure kostaldetik mundu urrunetara abiatu ziren euskal marinelak. Munduari buelta eman zioten. Elkanoren mitoa antzokietako pertsonaia izango da orain, belaunaldi berriek ezagutu dezaten. Loraldian martxoaren 22an aurkeztu eta unitate didaktiko baten laguntzarekin herriz herri ibiliko da «Mundubira. Elkano, Primus» antzezlana.

Bi aktore eta bi musikari taulatu gainean. Elkano bigarren mundu bira egiteko bidaian dagoela hasiko da bere oroitzapenak kontatzen. “Mundubira. Elkano, Primus” antzezlanarekin mito baten inguruko transmisio eta ezagutza lana egin nahi dute obra hau bultzatu dutenek. Loraldiaren ekoizpen bat da, Elkano fundazioak bultzatua, Lakuako Gobernuaren laguntzarekin. Patxo Telleriak idatzi zuen antzezlana eta Karlos Panerak zuzendu ditu taulatu gainekoak. Agertokian bi aktore: Iñigo Aranburu (Elkano) eta Xabi Ortuzar (Juan de Zubieta, Txo), eta beste bi musikari: Nerea Alberdi eta Ainara Ortega.

Patxo Telleriak aurkezpenean bi klasikorekin alderatu zuen “Mundubira. Elkano, Primus” antzezlana: «Niri On Kixote eta Peru Abarka datozkit burura lan hau aipatzean, Elkano Kixoterekin konparatu nezake eta Santxo Panza litzateke Txo itsas mutila; idealismoa da Elkanorena eta lurrari lotuago, errealitateari alegia, agertuko da Juan de Zubieta; eta Peru Abarkak bezala egitura dialogatua eta dibulgatiboa du lan honek». Patxo Telleriaren ustez, «garai moderno hauetan mitoak deuseztatzea da gure zeregina, baina konturatu naiz oso gutxi dakigula aspaldiko figura honi buruz».

Elkano mitoarengana hurbiltzeko uzkur zen Telleria, baina irakurri ahala, asko ikasteaz gain, jabetu da ondo kontatu beharra dagoela. «Ikuskizun honek bi alde ditu: batetik kontatu egiten du duela bost mende zer gertatu zen, baina ikuspegi kritikoa ere lantzen du kontatu ahala, inperio baten esanetara aritu zelako Elkano», zehaztu zuen antzerkigileak.

Formatu txikiko antzezlan bat da. Pertsonaia nagusia bakarrizketan arituko balitz bezala ari da, ondoan Txo itsas mutila duelarik. Obra osatzeko, Ainara Ortegak hainbat doinu eta balada abestuko ditu Nerea Alberdi biolinistaren laguntzarekin, eta horrez gain zenbaitetan marinelek entzungo dituzten ahotsak ere interpretatuko ditu, andere paperean.

Bilboko Itsasadarreko itsas museoan izango da lehen emanaldia, joan den martxoaren 22an, Loraldia jaialdiaren egitarauan. Eta itsas museoan bertan aurkeztu zuten lana, oholtza gainean berriz ere entseguari ekin aurretik.

Iñigo Aranburu aktorearentzat ere Elkano mitoa da, «areago orain, pelikula, marrazki bizidunak eta seriea ere egingo dutenean», eta kezka bat du etengabe buruan: «Elkanok zer pentsatuko luke honetaz guztiaz?». Aktoreak aitortu zuenez, «Elkanok berak ere autokritika egiten du eta zalantzan jartzen du egindako guztia».

Elkanok alboan izango duen Txo itsasmutila da Xabi Ortuzar. «Bermeotarra naiz, eta Bermeotik zazpi marinel joan ziren Elkanorekin eta bakarra itzuli zen, eta herrian guztiek galdetzen didate nik Juan de Ajuriaren papera jokatuko dudan». Ezetz erantzun behar izan die guztiei, Juan de Zubieta itsas mutikoaren lanak hartuko dituela “Mundubira” obra honetan.

Elkanorekin joandako laguntzaile gazteena zen Juan de Zubieta Txo. Bere lagunen aurrean aritu da testuak lantzen, eta guztiak harrituta geratu dira obrak eskaintzen duen informazioarekin. «Uste genuen bagenekiela bidaia honen gainean, baina konturatu gara oso gutxi dakigula guztiok», aitortu zuen aktore bermeotarrak.

Unitate didaktikoa

Transmisioa du helburu lan honek. Ikastetxeetan landu eta ahalik eta herri gehienetan modu erraz batean antzezteko modukoa izan nahi du. Lau aktore musikariak batetik bestera aritzea da helburua.

«Dibulgazioan indarra jarriz, jakin-mina piztu nahi dugu, Getarian, Bilbon, Euskal Herrian eta mundu osoan», bota zuen Rafa Zulaika Elkano fundazioko kideak. «Ezagutzen ez dugun Elkano hori erakutsi nahi dugu, eta arrisku hartzeak konstantzia eskatzen du, eta antzerkigintza hori guztia da», gaineratu zuen Zulaikak.