GARA
Mendia

Eguraldia hoberantz doala ikusita, bihar gailur saiakera egin lezake Txikonek K2n

Alex Txikon K2 mendiko 2. kanpalekuraino igo zen atzo, 6.600 metroraino, haize bolada handiak jasan eta gero. Datozen egunetarako hasierako eguraldi-iragarpena txarra bazen ere, arratsaldean albiste onak jaso zituen mendizale bizkaitarrak. Izan ere, eguraldiak hoberantz egingo duela iragarri zuten; beraz, bihar bertan egin lezake gailur saiakera, hilaren 20an udaberria iritsi baino lehen. Lortuz gero, neguan lortzen duen lehen alpinista izango litzateke.

Kanpaleku nagusitik adierazi zutenez, 30 kilometro orduko haize boladak espero dira gaur 7.000 eta 8.000 metro arteko mailan, eta bihar ere antzekoak. Gauzak horrela, gaurko plana honakoa da: 8.00etan edo 10.00etan has litezke lanean Txikon eta Cheppal, Walung eta Pasang xerpak, 3. kanpalekura (7.300-7.400 metro) 14.00etan edo 15.00etan iristeko. Hortik gailurreraino (8.611 metro) 1.200 metroko desnibela dago, baina Txikonen taldeak ez du oraindik bidea ekipatu.