Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euskararen sorburura hurbildu da Juan Miguel Munarriz

Euskararen jatorria arakatu eta hizkuntzak izan duen garapena era argian azaltzen saiatu da Juan Miguel Munarriz «Euskararen genesiaz» (Pamiela) argitalpenean. Analisirako, «Emeki metodoa» sortu du.

Hizkuntzaren arkeologia lana egitea, euskara geruzaz geruza bereizi eta sorburura ailegatzea, hori izan da Juan Miguel Munarrizek “Euskararen genesiaz” (Pamiela) argitalpenean bildu duen ikerketaren oinarria.

Gaur egun euskal hiztunek erabiltzen dituzten esaldiak aintzat hartuta, esaldi modernoak eta zaharragoak izan daitezkeenak bereizi ditu elizondoarrak, hartara antigoalean erabil zitezkeen esaldi ereduetara ailegatzeko asmoz. Bidaia «berezia» begitandu zaiola azaldu zuen Munarrizek liburuaren aurkezpenean, «hizkuntzaren eboluzioa bera izan baita emaitza». Hortik argitalpenaren izena ere, “Euskararen genesiaz”.

Ikerlanaren nondik norakoak azaltzeko, adibide bat jarri zuen: “Zu” pertsona izenordaina hasiera batean plurala (erdaretako vosotros edo vous) bazen ere, noizbait “zu” izenordaina eta hari zegozkion adizkiak singularrera eraman ziren eta pluralean sortutako hutsunea betetzera etorri zen “zuek” izenordaina. «Ondorioa, beraz, hauxe da: ‘Zuek’ izenordaina eta bere adizkiak modernoak dira. ‘Zu’ izenordaina eta adizkiak, singularrean erabilitakoak, zaharxeagoak. Eta ‘zu’ eta berari dagozkion adizki guztiak, pluralean erabilitakoak zaharrenak». Munarrizen xedea izan da nahasian iritsi zaizkigun esaldi horiek geruzatan sailkatzea.

Geruzaz geruza

Ikasketaz odontologoa eta medikua bada ere, aspaldikoa da Munarrizek hizkuntzalaritzan, eta bereziki euskaran, duen interesa. Mende honen hasieran ekin zion euskara aztertzeari eta ikerketa honetarako buruan aspaldidanik dabilkion ideia garatu du. Darwin eta eboluzioaren teoria izan ditu ardatz: «Hasiera batean gizon-emakumeek hotsak erabiliko zituzten, baina, esanahia harturik, hitz bilakatu ziren. Hitzak sortu eta erabili ahala, beren funtzioa asmatu ahala, esaldiak konposatzea lortu zuketen». Hortik ondorioztatu zuen esaldi moderno eta zaharrak nahasian iritsi zaizkigula gaurdaino.

Hipotesia finkatuta, hura lantzeko abiapuntua zehaztu zuen, «eta horretan aditz laguntzailearen taula bide-orri ezin hobea gertatu zitzaidan, bazterketak modu ordenatuan egiteko». Adibidea ere jarri zuen: «‘Subjuntibozko esaldiak, esaldi menderatuak dira’ onartuz gero, nolakotasun hori zen subjuntibozko esaldiak baztertzeko behar nuen arrazoia. Ondorioz, aldi berean bi emaitza eskuratu nituen: esaldiak kronologikoki sailkatzea posible dela konfirmatzea eta, beraz, bazterketak egiten hasteko ‘baimena’». Aginte eta baldintzazko esaldien aditzetan «aztarna bikainak» topatu dituela ere esan zuen, horien bidez lortu baitu «euskararen aztarnategian geruza zaharrenetara joatea».

Aukeratutako planteamendua eta metodoa –‘Emeki metodoa’ deitu dio, Esaldi Motak Elkarren arteko Kronologia Ikusteko metodoa, alegia– aintzat hartuta, ikerketa «berritzailea» dela iritzi zion Munarrizek, eta bide horretatik bi ondorio atera dituela ziurtatu zuen: bata, «esaldi motak sailkapen kronologikoan kokatu ahala, estrukturaren garapena kronologikoki ere sailkatuta agerian geratu» dela, eta bigarrena, hizkuntzak, denbora pasa ahala, aldatu egiten direla.