GARA
DONOSTIA

Bat-bateko eskulturak eta bertsoak, Korrika Kulturalean

Bertsolaritzaren bat-batekotasunean oinarritutako bat-bateko eskulturak sortzen ditu Beñat Krolem artistak «Oholtza» performancean. Bertsolariek ere eskultura horiek iradokitzen dietenetik abiatuta bertsoak sortuko dituzte. Korrika Kulturalean ikusiko dugu.

Bertsolarientzako eszenografia da “Oholtza”, Beñat Krolem artista bilbotarraren proposamena Korrika Kulturalean. Performance honek artistaren eta bertsolariaren partaidetza ezinbesteko ditu.

Izan ere, proiektu hau garatzeko bertsolarien bat-batekotasunean oinarritu zen Krolem; hortik berak ere bat-bateko eskulturak sortzen ditu. 2015ean hasi zen proiektu honekin, inprobisazioa ikerketa lerro izanik. Bi urtera, doktoretza tesian gai hori landu zuen artearekin lotuz.

Emaitza bertsolariaren –edo glosador, repentista edo beste edozein inprobisatzaileren– jardunari toki bat eskaintzen dion eraikuntza-aldagaien multzoa da, mugikorra eta artikulagarria. Pieza horiek mugituz eta elkarren artean elkartuz lortzen du agertokia eraldatzea.

Pieza horiek material desberdinetakoak dira (egurra, oihala, LED argiak...) eta lotze sistema desberdinak dituzte. Horien artean artistak berak LED argiak azpimarratzen ditu, agian deigarrienak direlako. Krolemek horien kolorea, intentsitatea eta erritmoa kontrola ditzake.

Emanaldian unean bertan proiektatu, diseinatu eta muntatzen ditu egitura guztiak. Bertsolariak kantatzen duenean hitzekin sortzen duen bertsoa inspirazio-iturri izanik sortzen du Krolemek eskultura; “Oholtza” bertsoa sortzeko prozesuaren harremanaren eta gorputzaren jarreraren arteko azterketa da.

Artistaren zein bertsolarien gorputzak ere pieza garrantzitsuak dira, horiek ere eskulturaren parte bilakatuz. Krolemek bertsolarien gorputzak –bat, bi edo gehiago izan daitezke– espazioan modu konkretu batetan egituratuko ditu, eta hori erabiliko du bertsolariak bertsoa egiteko. Hau da, artista bertsolariaren sorkuntzan oinarrituko da eta bertsolaria, artistaren sorkuntzan.

Diziplina anitz

Beñat Krolem EHUn Arte Ederretan lizentziatu zen eta gero Bristoleko University of the West England-en egin zuen urtebete. Zinemagintza, bideo eta telebistako ikasketak ere egin zituen. Hainbat beka lortu ostean, EHUn irakasle atxiki gisa dihardu gaur egun.

Artistak, bere esperientziak eraginda, lanean lengoaia desberdinen hibridazioa hartzen du kontuan eta “Oholtza” da horren adibide argia. Korrika Kulturalaren baitan hainbat emanaldi egingo ditu. Hitzorduetako batzuk iragarri dituzte eta horietan Jon Martin eta Jone Uria arituko dira bertsotan: martxoaren 22an Lekeitioko zineman izango da, 26an Bilboko Biran, 29an Santurtziko Kresala aretoan, 30ean Getxoko Erromo kultur etxean eta 31n Lesakako kultur etxean.