Arantxa MANTEROLA

Kontsumo zuzena eta zuzenekoa ahalbidetuz

Bi saltoki berri izango dira Lapurdin, Larrunkoop eta Hendaiakoop. Biak ala biak ere planteamendu berberarekin: ahal bezain hurbileko produktuak, ahalik eta era naturalenean ekoitziak eta ekoizleentzat zein kontsumitzaileentzat bidezko prezioak izango dituztenak eskuratzea.

Duela hiru bat urte Baionako Otsokopek hasitako bide bera hartu dute beste bi saltokik. Larrunkoop joan den larunbatean inauguratu zuten Urruñan. Gauzak ondo bidean, Hendaiakoak, berriz, datorren apirilaren 15ean abiatuko du bere jarduna.

Hilabeteak eman dituzte lanean, baina beren proiektuak, denda alternatiboak, egia bilakatu dira. Talde txiki bat hasi zen bidea urratzen eta lehen aurkezpen publikoetara bertaratu zen «ezusteko jende kopuruaren» babes eta lanari esker, bakoitzak ehundik gora bazkide lortu baititu.

Urruñako erdigunean zegoen saltoki nagusia itxi zutelarik, beren egitasmoa gauzatzeko aukera paregabea izan zitekeela pentsatu zuten. Hori bai, zenbait printzipio saihetsezinen gain oinarritu dute proiektua, halako irizpide plegua adostuta.

Horien arabera, salgai jarriko dituzten produktuen artean «0 kilometro» irizpidea betetzen dutenak lehenetsiko dituzte eta, halaber, ekoizpen ekologikotik edota produkzio sistema naturalenetik eratorritakoak. «Elkarlan itun bat sinatu dugu hornitzaileekin eta beren ekoizpen guneak ikuskatu ahal izango ditugu nahi dugularik», nabarmendu du Matthieu Hasle Larrunkoopeko presidenteak.

Salgai izango dituzten produktuak ez dira elikadurarekin lotutakoak soilik izango. «Egunerokotasunean erabiltzen diren produktuen %80 eskaintzeko moduan izango gara», esan du Haslek, zenbait kasutan ezin izan dituztela gertu aurkitu adierazita. «Esaterako, xaboi fabrikantea aski erraz topatu dugu, baina komuneko papera egiten duenik ez da inguruetan. Horrelakotan produktu ekologikoen salmenta plataformetara jo dugu», gaineratu du.

Erabaki kolektiboa

Hori ere erabaki kolektibo bat izan da. Izan ere, saltokiaren beste berezitasuna kooperatiba izatean datza. «Ez gara enpresa bat, elkarte bat baizik, kooperatiba izaera duena eta bazkideek hitza eta erabakia dute, baina baita betebehar batzuk ere», zehaztu du.

Hala, bazkide izateko 100 euroko diru-ekarpena –bat eta bakarra– egin behar da hasieran eta lau astetik behin hiru orduko lana egin beharko dute erosgaiak apalategietan jarriz, kutxan kobratze lanetan arituz, mantentze-lanetan… Horren truke, saltokian erosteko eskubidea izango dute eta bere funtzionamendua arautzekoa ere bai.

Adibidez, prezioen alorrean Larrunkoopeko partaideek delibero garrantzitsua hartu dute: ekoizleekin merke-zurrean negoziatzen ez aritzea eta beraiek finkatutako prezioa onartzea, baina produktuak erositako salneurri berberean saltzea. Baina, etekinak ateratzeko asmorik ez badute, nola egin aurre sortzen diren gastuei? «Produktuei gutxi gorabehera %20ko marjina bat erantsi beharko geniela kalkulatu genuen. Horren ordez, hileroko kuota bat ezartzea planteatu genuen eta batzarrak, aho batez, bigarren aukeraren alde egin zuen», azaldu du Haslek.

Horrenbestez, alokairua, argindarra eta ohiko gastuak ordaintzeko, 10 euro ordainduko dute diru-sarrera apalak dituzten bazkideek, 12 euro besteek eta 15 euro familiek. «Hilean 45 eurotik gorako erosketa eginda, kuotaren gastu hori estaltzen da», azaldu du Larrunkoopeko buruak.

Herriko Etxearen babesa

Hendaiakoopek, aldiz, %16 inguruko marjina erantsiko die salgai jarriko dituen produktuei, baina gainerakoetan urruñarren oinarri bertsuak dituzte. Hendaiarrek, gainera, lokala baldintza oso onetan hartu dute. «Portuko kalean dago, erdigunean eta lehen farmazia bat zen. Orain lokala Herriko Etxearena da eta urtebetez doan utzi zigun gure proiektua mamitzen joateko. Gerora alokairu aski apala ordainduko dugu», argitu du Charlotte Limodinek beren egitasmorako 106 bazkide bildu dituztelako pozik.

«Erabat konbentzituta» ez dauden pertsonentzat hiru hilabeteko probaldia egiteko aukera zabaldu dute, 30 euroren truke.