Maite UBIRIA BEAUMONT
GREBA ETA MOBILIZAZIO EGUNA

Elkartasun sarea eta bizitza duina ardatz Baionako karriketan

Enplegu eta pentsio duinak, kalitatezko zerbitzu publikoak, justizia fiskala, elkartasun sarea eta demokrazia... Finean, pertsonen bizitza erdigunean ezartzeko aldarria osatzen duten aldarrikapen anitz beren egin zituzten atzo, Baionan, sindikatuek deituta karrikara atera ziren 1.200 lagunek.

Estatu frantsesean zabalduriko mobilizazio deialdiari bertako osagarriak gehituz, karrikara jauzi egiteko deia zabaldu zuten atzoko CGT, LAB, FO eta Solidaires sindikatuek. Hala, Baionako manifestaziora hurbildu ziren 1.200 lagunen laguntzaz, aldarrikapen taula mamitsua zabaldu zuten, lan eremutik haratago bestelako alorretan eragina duten «politika okerrak» auzitan jarriz.

Horien ordez, enplegu eta pentsio duinak, zerbitzu publikoak, babes eredua eta justizia fiskala, trantsizio ekologikoa eta demokrazia... finean, jendearen bizitza politiken erdigunean jarriko duen aldaketa sakona behar dela azpimarratu zuten.

Martxa abiatu aitzin, pertsonen eskubideak eta lurraldearen oreka aintzat hartu ezean herritarren gehiengoari mehatxu egiten dion prekaritatea are larriagoa bihurtzeko arriskua dagoela ohartarazi zuen LABek Baionako tren geltokian.

Euskal Elkargoari zein Akitania Berria eskualdeko eta SNCFko arduradunei mezua igorri zien sindikatuak, urgentzia sozial eta ekologikoari erantzunez, garraio sistema publikoari lehentasuna eman diezaiotela eskatuz, «inor diskriminatu gabe». Zehazki, Baiona-Donibane Garazi tren linea garatzeko, aipaturiko erakundeek landu duten «planak tren kopurua emendatu arren, Baionako ikusmoldearen arabera antolatu» dutela, barnealdeko herritarren beharrak baztertuz» esan zuen geltokiko harreran eginiko elkarretaratzean Jeronimo Prieto sindikatuko ordezkariak.

Hausleak eta gaizkileak

Bestalde, Errepublika plazatik abiatu zen manifestaziora Baionako Herriko Etxeak kudeatzen dituen zerbitzu teknikoetako langile multzoa ere hurbildu zen. Azken urteotan garatutako pribatizazioek «enpleguari zein herritarrek jasotzen duten zerbitzuari kalte egiten dietela salatzeko» lotu zela martxara aitortu zion GARAri Asier izeneko udal langileak. Pixka bat atzerago, “txaleko horien” delegazio baten ondoan, Tarnoseko (Landak) ama eskolako langile bi, Christelle eta Corinne, atzeman genituen. Beraiek azaldu zigutenez, «benetako demokrazia batean zerbitzu publikoek ezinbesteko papera jokatzen dute».

Zubia zeharkatu ondoren martxa hirigunerantz zihoala, bozgorailutik «zuek zarete hausle, zuek zarete delitugile» leloa ozen entzun zen, joan den asteburuan Parisen izandako istiluen ondotik Macronek manifestazio eskubidea murrizteko harturiko erabakia salatuz.

Trambus-a ezartzeko lanen ondorioz Herriko Etxea hesiz eta zuloz inguratuta dagoenez, martxak ez zuen geldiunerik izan. Hala, ibai ondotik igaro zen jendetza, suprefeturaren egoitzara bidean Allees Marines etorbidean suge luzea osatuz. Langile edo ikasle izan, funtzionario edo pentsiodun, indarrak batzeko agindua zabaldu zuten bertatik sindikatuek.