GARA
DONOSTIA

ELAk 27 greba egun iragarri ditu Gipuzkoan adinekoen egoitzetan

ELAk 27 greba egunera deitu du apirilean eta maiatzean Gipuzkoako erresidentzietan, Aldundiaren «sabotajearen, gezurren eta pasibotasunaren» ondorioz sektore horretako negoziazioak «egoera larrian» daudela adierazita.

Erabaki hori hartu zuen sindikatuak, atzo Donostian egindako batzarrean hori baietsi ostean. Negoziazioak «desblokeatzea» du xede zentralak, zeinak 5.000 langileri baino gehiagori eragiten dien.

Iratxe Benito eta Alazne Mantxola eledunek azaldu zuten lanuzteak apirilaren 1etik 12ra eta 26tik 30era egingo direla eta, maiatzean, 1etik 10era.

Ordezkariek ziurtatu zuten «patronalen gehiengoarekin –Adegi eta Matia 2020rekin– aurreakordio bat» adostu zuela ELAk, eta beste behin, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua akusatu zuten akordioa «saboteatu» izanaz.

«Neurri guztiak»

Sektoreko lau patronalek –Adegi, Matia 2020, Lares eta Gipuzkoako Gerontologia Zentroen Elkartea–, aldiz, halako akordiorik izan dela ukatu zuten.

Hala, esan zuten ELArena dela akordio hori existitzen dela frogatzeko ardura eta, hori egiten ez badu, honakoa eskatu zioten, «utz diezaiola negoziaketen garapen normala oztopatzeari».

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak «arduraz jokatzea» eskatu zien bi aldeei, «ahalik eta azkarren akordio bat adostu dezaten». Argitu zuen Aldundia «kezkatzen» duena «erresidentzietan zaharrek jasotzen duten zaintza» dela, eta «zaintzak kalitatezkoa izaten jarraituko duela bermatzeko», greba egunetan «ezarritako minimo guztiak» bete daitezen «neurri guztiak» hartuko dituztela.