Arnaitz GORRITI
ACB LIGA - DELTECO GIPUZKOA BASKET

Breoganen aurka hasitako bidetik jarraitu nahi dute

Iberostar Tenerifek azken lau partidak galdu ditu, baina etxean jokatzen du eta zortzigarren jarraitzen du. IDK Gipuzkoak eta Araskik aurkari gaiztoak dituzte.

Breoganen aurka irabaztea arnasa hartzea izan zen Delteco Gipuzkoa Basketentzat. Ez zen nahikoa izan, ordea, salbazio postuetara hurbiltzeko. UCAM Murtziak eta Kanaria Handiak biek ala biek irabazi zuten. Bada, Tenerifen 20.30ean jokatuko duten partidan, joan den astean hasitako bide horri eusten saiatu beharko dute donostiarrek.

«Jarraian bi garaipen lotzeko itxaropena daukat», onartu zuen Sergio Valdeolmillos entrenatzaileak, orain arte ez du-eta halakorik lortu Gipuzkoa Basketek. «Joan den asteburuan ez genuen ACB Ligan azkena doan taldea ematen. Badakigu Tenerifek ez digula ezer oparituko, baina gure egoerari buelta emateko beronen aurrean matxinatu behar dugu», bota zuen.

Iberostar Tenerife bolada txarrean dago, bestetik. Azken lau partidak galdu ditu eta azken unera arte ez da jakingo Javi Beiran jokatzeko egongo ote den. Dena den, ez da ahaztu behar Txus Vidorretarenak zortzigarrenak direla ACB Ligan eta play offak jokatzea dutela gogoan.

Emakumeen Dia Liga

Emakumeen Dia Ligari dagokionez, IDK Gipuzkoak eta RPK Araskik gaur jokatzen dute. Donostiarrek Josean Gascan Perfumerias Avenidaren bisita «jasango» dute 18.00etan. Gasteiztarrek Valentzian jokatuko dute 19.15ean.

Gipuzkoarrak joan zen asteburuan sailkatu ziren play offetarako; hirugarren urtez jarraian. Salamancakoak, aldiz, Europatik kanpo geratu ondoren, Liga irabazteko amorratzen daude eta donostiarrek ongi dakite nolako piztia azaldu behar zaien etxean.

RPK Araskik joan zen asteburuan bermatu zuen maila nagusian beste urtebetez jarraitzea. Liga Erregularra amaitzeko hiru jardunaldi falta direla, gasteiztarrek play offetan sartu nahi dute orain. Zazpigarren doaz, baina bederatzigarrena garaipen bakarrera daukate. Valentzia Basket, bosgarrena da, laugarrena den Gernikarengandik partida bakarrera. Lan txarrak Madelen Urietarenentzat.