Maddi TXINTXURRETA

POTO TXIKI BATEAN AURKITU DUTE ARAZO HANDI BATEN KONPONBIDEA

Zelula dentsitate gutxi duten begiko korneetan kultibo zelularra egitea ahalbidetzen duen gailua diseinatu du Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Biomedikoko ikasle talde batek. Proiektu hau izan da PBLday lehiaketako laugarren edizioko irabazlea.

Mondragon Unibertsitateko (MU) bederatzi ingeniaritza-graduetako 1.567 ikaslek landutako 250 proiekturen artean, Ingeniaritza Biomedikoko Graduko bigarren mailako bost ikaslek osatutako talde batek eskuratu du MUk eta Orona Fundazioak antolatu duten PBLday lehiaketaren laugarren edizioko lehenengo saria. Maitane Araujok, Izarra Berasategik, Eider Casadok, Saioa Iriartek eta Ainhoa Zallok itxuraz sinplea den gailu bat diseinatu dute, txikia eta borobila, baina atzetik ingeniaritza lan sakona duena eta, aurretik, agian, osasun sistemaren baitan etorkizun oparoa.

Gailu honen funtzioa begi korneak lautzea da, dentsitate zelular baxuko korneatan kultibo zelularra egin eta transplanterako prestatzeko. Martxoaren 12an aurkeztu zuten proiektua Orona Fundazioan, Hernanin, eta orain, Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan probatzen ari dira.

Ikasle hauek, beraz, irtenbide erreal bat eman diote arazo erreal bati, eta prozesu guztiaren garapena Proiektuetan Oinarritutako Ikasketa (PBL, ingelesez) izeneko metodologiaren bidez egin dute.

MU aitzindaria da Euskal Herrian metodologia hau erabiltzen. «2000. urtean hasi ginen aplikatzen Elektronika Ingeniaritza Teknikoan. Urte gutxira, titulazio guztietara zabaldu genuen eta esan genezake gure lan filosofian guztiz barneratuta daukagun metodoa dela», azaldu du Haizea Legorburu MUko komunikazio arduradunak.

Egiazko arazoen ebazpenean oinarritzen den ikaskuntza metodoa da PBL. Hala, abendu erdialdean enpresa ezberdinek arazo bat planteatu zieten MUko Goi Eskola Politeknikoko bederatzi graduetako maila guztietako ikasleei, eta hauek, sei asteren buruan, enpresak proposatutako arazoari konponbide bat eman behar izan diote, betiere irakasleen laguntzarekin.

Talde irabazlearen kasuan, Osakidetzako arduradun batek korneen transplanteekin daukaten problema azaldu zien ikasleei. «Kornea transplante asko egiten dira, baina eskari asko dago eta eskaintza gutxi. Horregatik, onuragarria litzateke kultibo zelularrak egitea korneetan, zelula dentsitate minimo batera iristen ez direnak bota egiten baitira. Gure gailuak kornearen kultibo zelularra ahalbidetzen du, lautu egiten duelako», esplikatu du Berasategik. Kornea konkaboa izanagatik, ez da kultibo zelularrik egiten bere mintzean, baina ikasle talde honen proiektuak baztertzen ziren korneak transplantatzeko prestatzea eta transplante sistema azkartzea eragingo luke.

«Baldintza batzuk jarri zizkiguten: gailuak gardena izan behar zuela, korneak ezin zuela irrist egin eta ezin zitekeela zimurtu», esplikatu du Maitane Araujok. Hortik aurrera, ikasleek pentsatu, diseinatu eta gauzatu behar izan dute soluzioa sei asteetan zehar.

«Lehenengo kornearen propietateak ulertu behar izan genituen eta gero diseinatzen hasi ginen, biomateriala aukeratzen», dio Casadok. Hasiera batean «bozeto asko» egin behar izan zituztela onartu du Iriartek, «diseinu horretara iristea zailtzen zuten» hainbat baldintzarekin egin baitzuten topo: «Adibidez, bi material desberdin erabiltzeak arazoak eragin ditzake esterilizatzerako orduan». Azkenerako, poliestirenoa hobetsi zuten ikasleek.

PBLen bitartez, «ikasleen maila eta heldutasuna» nabarmentzen direla dio Maialen Aginagalde Ingeniaritza Biomedikoko graduko koordinatzaileak: «Inplikatzen dira, lan asko egiten dute. Egon naizen PBL guztietan, emaitza oso positiboa izan da».

Ikasleak ere positiboki baloratu dute esperientzia (bigarrena, beraiendako). «Klasean teorikoki eman duguna aplikatzen dugu eta hobeto barneratzen ditugu kontzeptuak», iritzi dio Iriartek. Berasategi ere ados agertu da: «Ez da azterketa baterako ikastea bezalakoa, hau betirako geratzen zaizu».

Emakumeak, lehen lerroan

Ikasleek aurkeztutako 250 proiektuetatik aurre-hautaketa egin zuten graduetako irakasleek eta 25 lan Orona Fundazioan aurkeztu zituzten. Askotariko ingeniaritza proiektuak lehiatu ziren bertan, eta talde bakoitzak bere proiektua esplikatu zuen, lehenengo stand batean, gero irakasleek osatutako epaimahaiaren aurrean. Lau izan ziren finalistak: whiski marka batendako botila baten diseinua, zentral hidrauliko txiki bat, errehabilitazio programa bat eta kultibo zelularraren soluzioa. Lau lanen artean, Ikerlan, Orona, Gureak, BuruntzaBeterri eta Innobasque enpresetako ordezkariek kultibo zelularrarena izendatu zuten irabazle.

Hala, bost emakumek osatutako taldeak poltsikoratu zuen mila euroko saria, eta egunean bertan, Martxoaren 8ko grebaren karietara, keinu berezia egin zioten emakume-ingeniari binomio ustez arrotzari, esanez ingeniaritzan «beti gizonak» ikusten diren arren, emakumeak ere badaudela. «Eta lana ondo egiten dute gainera», gehitu du Aginagaldek.

Alabaina, haien esanetan, biomedikuntzan ez dago genero desberdintasun nabaririk, ikasgelak orekatuak dira. «Biomedikuntza berezia da, mekanika edo informatika bezalako ingeniaritza graduetan bai, gehienak mutilak dira, diseinuan gehienak neskak», baietsi du graduko koordinatzaileak.