Josu Amezaga
EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko zuzendaria
GAURKOA

ETB zertarako nahi dugun

Hiru ezaugarri nagusik definitzen dute ETB: komunitate politiko baten telebista izatea; hizkuntza gutxitu batean (ere) aritzea; eta izaera publikoa. Lehen biak hirugarrenaren ondorio dira, komunitate politikoa eratzearen zein euskaraz zerbitzua ematearen ardurak izaera publikotik baitatoz. Bestela, inguruko telebista pribatuek egiten dutena egingo luke ETBk, euskal komunitateaz haragoko merkatuak bilatuz eta hizkuntza nagusian soilik arituz.

Bistan da Euskal Herriak ezinbestekoa duela komunitate politikoa eratzen lagunduko duen telebista sistema. Herri zaharra gara, baina hori ez da hilezkortasunaren bermea: naziotasuna egunero elikatzen ez bada, hil egingo da. Eta beste nonbait esana dut azken hamarkadetako joerak oso kezkagarriak direla. Komunikabideen sistemari dagokionez, liberalizazioak lehenik (telebista pribatuen etorrera), aldaketa teknologikoak geroago (Internet, datu mugikorrak, digitalizazioa), eta makroenpresen hegemoniak (Google-Amazon-Facebook-Apple eta enparauak) kolokan jarri dute lehendik genuen komunikazio espazio ahula.

Honen aurrean ukaezina da gutxieneko espazio propio bat mantentzen lagunduko diguten komunikabideen beharra. Eta hainbatek ETB kokatzen du hor: ETB2, nagusiki. Izan ere, hamarkadetan zehar kanal honi eman baitzaio informazioa zabaldu eta parte hartze politikoa sustatzearen ardura, gazteleraz populazioaren zati handiago batengana irits daitekeelakoan. Baina noraino mantendu daiteke eredu hau?

ETB sortu zenean (1982), Europako estatuek kontrol handia zuten, oro har, kulturaren eta komunikazioaren gainean. Publikoa zen gehienbat telebista, Internet ez zegoen, satelitea hasi berria zen. Baldintza haietan, nazioa egiteko tresna oso indartsua ziren telebista publikoak. Kanal pribatuak iritsi zirenean, maila estatalean aritzen ziren: modu horretan merkatutik ere birsortzen zen estatuan oinarritutako nazioa, gurea bezalako nazioen kaltetan. Geroago etorri ziren Internet, datu mugikorrak, digitalizazioa eta telebista ikusteko modu berriak. Eta mugimendu hauekin munduko estatu guztiek ikusi dute beren komunikazio espazio propioa mehatxatuta; halaxe ikusi dute ere munduko telebista nazional guztiek beren espazioa. Audientzien zatiketaren ondorioz bestalde, gaur egun mundu osoan nazio mailan aritzen diren milaka eta milaka telebistetatik bakarra da merkatu nazionalaren erdia eskuratzea lortzen duena (Islandian); eta ez dira dozenara iristen merkatu horren herena eskuratzen dutenak.

Honek guztionek ahuldu egin du oso telebistak komunikazio espazio nazionala eraikitzeko zuen ahalmena, gurean ere bai. Adibidez, ETB albistegietan liderra dela esaten dugunean, horrek zer esan nahi duen argitu behar da: Hego Euskal Herrian, 14 urtetik gorakoen hamarretik batek (%9) ikusten duela, iluntzero, “Gaur Egun” edo “Teleberri”; % 91k ez ditu ikusten. Horraino iristen da euskal eremu publikoa eratzeko ETBk gaurkoz duen ahalmena. Ez da gutxi, eta hobe da hori gutxiago iristea baino. Arazoa, ordea, horren kostua da. Eta horren kostua ETBren bigarren ezaugarriaren gainean ezartzen da: euskara.

Egungo ereduarekin euskara nabarmen kaltetuta ateratzen da, gaztelerazko emanaldiek euskarazkoaren hazkundea eragozten baitute. Audientzien lehian, ETB1eko ikusle potentzialen artetik ateratzen ditu ikusleak ETB2k: hark baino euskaldun gehiago erakartzen ditu, bere ikusleen erdiak euskal hiztunak dira, eta laurdenak euskara ulertzeko gai. Baliabideen lehian, baliabide ekonomikoak, materialak zein giza baliabideak partekatzera behartzen du euskarazko telebista, eskaintza erakargarriena gazteleraz lehenetsiz eta euskarazko emanaldiak neurri handi batean kirolera mugatuz eta errepikapenak puztuz. Kontraprogramazioaren arazoa ere sortzen da. Audientziaren izenean ohiko bilakatu da euskaldunak haien artean gaztelaniaz hitz egitera «behartzea», lehiaketetan edo eztabaidetan adibidez (populazioa euskaldundu ahala gero eta gehiago gertatzen da hau). Azkenik, jendarteari helarazten zaizkion mezuak normalizazioaren aurkakoak dira: euskaldunei zera esaten zaie: «modernoena, dibertigarriena, informatzaileena, gaztelaniaz duzu»; eta oraindik euskara ikasi ez dutenei edo euskalduntzeko bidean daudenei, aldiz, honakoa: «lasai, euskara jakin gabe ere berdin emango dizkizugu hainbeste maite dituzun erreferenteak eta hurbiltasuna, gaztelaniaz».

Euskara bigarren mailan uztea da telebistaren bidez komunitate politikoa, ahal den apurrean, gazteleraz eraiki nahi izatearen kostua. Alabaina etorkizuneko Euskal Herria komunikazio espazio propioan oinarritu beharko bada ere, hizkuntza propiorik gabe etorkizunik ez du espazio horrek. Eta euskara orain dagoen bidegurutzean, lehentasunak ezarri eta indarrak bateratu beharra dago.

Kostu hori gainditzearen alde, euskaran zentratutako ETB baten aldeko aukerak inoiz baino handiagoak dira: euskal herritarren erdiek baino gehiagok ulertzen dute euskara: azpidatzien eta bigarren audio kanalen teknologia oso garatuta dago; bizitza hizkuntza batean baino gehiagotan garatzen dela ikasten hasiak dira elebakarrak ere. Euskara, bestalde, ez da zama bat telebista egiteko, inguruko eta munduko telebistekin lehiatzeko izan dezakegun balio erantsi handiena baizik (ikus BBC-ko eta Sky-ko Garazi Goia, 2019ko otsailaren 10eko “Berria”-n).

Oraingo ereduan gero eta bateraezinago bihurtu dira arestian aipatu ditugun ETBren lehen bi ezaugarriak. Irudi luke behartuta dagoela komunitate politikoa eraikitzearen eta euskara sustatzearen artean hautatzera. Baina konponezineko korapilo hori paradigma berri batekin gaindi daiteke: komunitate politikoa eraikiko duen euskarazko telebista, euskara oraindik ulertzen ez duten ikusleen laurdenari laguntzeko baliabideak erabiliko dituena. Izan ere, geure burua engainatzea baita gizartea nagusiki erdaraz ari delakoan gaztelerari lehentasuna ematea, gizarte erdaldun horren zatirik handienak ETB ikusten ez duela ondo dakigunean.