Aimar ETXEBERRIA
ORDIZIA-TXINDOKI-ORDIZIA

Maioraren 1978ko marka haustera

Iñaki Maiorak 1978. urtean ezarri zuen marka hausten ahaleginduko da Aritz Egea mendi korrikalari urretxuarra datorren uztailaren 6an. 1.26:28ko denbora behar izan zuen txirrindulari ohiak Ordiziatik Larraitzera bizikletan igo, Larraitzetik Txindokirako joan-etorria lasterka egin eta berriz ere Ordiziara bizikletan itzultzeko.

Ordiziatik Larraitzera bizikletaz igo, Larraitzetik Txindokirako joan-etorria lasterka egin eta bueltan Ordiziara bizikletan jaitsi. Horiek izango dira datorren uztailaren 6an Aritz Egea mendi korrikalari urretxuarrak egin beharko dituenak Emaneurre taldearen 10. urteurrenean.

Desafioarekin Iñaki Maiora txirrindulari ohiak 1978an ezarri zuen marka hautsi nahi du Egeak. 1.26:28ko denbora hobetu beharko du horretarako.

Azkenengo hamarkadetan Goierri aldean zeresan handia eman duen marka izan da Maiorarena. Izan ere, historia luzea duen desafioa da Egeak aurrean duena; Juan Jose Rezola itsasondoarrak ezarri zuen lehenengo marka duela 66 urte, 1953an: 1.42:30.