Mikel ETXEGIA
Pilota teknikaria

Horrela jokatu behar zen

Partida ia perfektua jokatu beharra zuten Danelek eta Beñatek txapela janzteko eta, huts batzuk gorabehera, nik uste dut partida perfektua jokatu dutela biek. Ikusita zegoen joz-eta urdinak indartsuagoak zirela eta horrexegatik Danel Elezkanok arriskatu beharra zuen eta nik uste dut sekulako partida jokatu duela Zaratamokoak.

Egia da ere Beñat Rezusta oso entxufatuta ikusi dudala partidaren hasiera-hasieratik eta hala egon beharra zeukan, Zabaletak beste behin ere partida handia jokatu baitu. Horrexegatik, Danelek ere asko asmatu beharra zeukan sartzen zen guztietan eta iruditzen zait berak ere hasiera-hasieratik asmatu duela bere lanean, nahiz eta hutsen bat pilatu eta partidaren amaieran eraginkorragoa izan.

Bikote txapeldunak lan handia du atzean. Nik Danel oso txikitatik ezagutzen dut, Galdakaoko Adiskide klubera umea zela iritsi zenetik. Danel langile izugarria da, eta entrenatzaile batentzat gozamen hutsa da bera bezalako pilotari batekin aritzea; beti egingo du lan, horrelakoa da bera. Gaurko [atzoko] partidan ere hala egin beharra zegoen eta horretan inork gutxik irabazi ahal die. Danel asko sartu da jokoan, baita Rezustari defentsan laguntzeko ere.

Iazkoa ez zen final oso betea izan euren aldetik, baina gaur gustura egoteko motiboak dituzte. Eta merezi dute.