Karlos Larrañaga eta Oihana Sorozabal
KOLABORAZIOA

Debako Udala iparra galduta

Itziarren, azken hamarkadetan zegoen autogobernu eskariari konponbide zentzuzko eta orekatu bat emateko xedearekin, duela lau urte, Debako Udala gobernatzen zuen Alternatibak (EH Bildu) Itziarko Toki Entitate Txikia eratu zuen. Eraketa hau hiru  urteko prozesu luze baten ondorioa izan zen, non udalean ordezkaritza zeukaten alderdi guztiek parte hartu zuten eta hasierako onarpena aho batez eman zioten. Ondoren, Deban sortutako presio batzuk bitarteko, alderdi batzuek atzera egin zuten eta akordioa bertan behera uzten saiatu ziren. Hala ere, Itziarko biztanleek proiektuarekin zuten atxikimendua ikusita –galdeketan %73ko parte hartzearekin %94k babestu zuten–, eraketarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen Alternatibak (EH Bildu).

Lau urteko ibilbidea egin ondoren, toki entitate txikiak oso balorazio positiboa dauka Itziarko herritarren artean. Administrazioa hurbiltzeak herritar eta instituzioen arteko harremana sakondu du eta, lehen ez bezala, auzoko gaietan erabakiak hartzeko orduan herritarren partehartzea nabarmena da. Honek, inolako zalantzarik gabe, itziartarron bizi kalitatea hobetzen lagundu du eta, gainera, Debari inolako kalterik eragin gabe.

Baina, badirudi, Debako Udaleko gobernu-batzordean dauden Debarren Ahotsak eta EAJ-PNVk guretzat begi-bistakoa dena beste era batera baloratzen dutela eta Toki Entitate Txikiaren aldaketa sakona egitea erabakitzen dute, bi auzo eta industrialdea Entitate honetatik kanpora atereaz eta eskumenetan murrizketa nabarmenak ezarriaz. Hau guztia, lehen ez bezala, inolako prozesu parte-hartzailerik gabe, ez baitute kontatu, ez Toki Entitate Txikiaren ordezkariekin, ez eta Itziarko herritarrekin, ez eta Debako Udaleko oposizioarekin ere.

Honen aurrean, Itziarko Toki Entitate Txikitik ateratzen dituzten auzotarrek sinadura bilketa bat egin dute eta auzo horietako biztanleen %75ek entitate horren partaide izaten jarraitzea eskatu dute. Ondoren, alegazio modura ere bideratu dute eskari hau, baina ez da aintzat hartua izan, aukezten duten beste 50tik gora alegazioak bezalaxe.

Prozedurak auzotarren artean iritzi bilketa bat egitea eskatzen duenez, Udalak apirilak 7rako galdeketa bat antolatu zuen. Galdeketa presaka eta korrika antolatu zuen; astebete lehenagora arte inork ez genekien galdeketa zegoenik, ez baita herritarren arteko eztabaidarik sustatu, ez parte hartzerik bultzatu. Hala ere, emaitzak ezin argiagoak dira; parte hartzea %54,5; aldaketaren aurkako 442 boto, %97,6; aldaketaren aldekoak, %6; eta zuriak, %5.

Eta honen aurrean zer? Ze ondorio ateratzen du Debako Udalean dagoen Gobernu Batzordeak? Sei boto horiekin prozesua jarraitzea zilegi ikusten du? Badakigu galdeketa hau ez dela loteslea, baina prozedura arautzen duen Foru Arauak herritarren iritzia jasotzera behartzen badu, izan diren emaitzak kontuan hartu beharko lirateke.

Beraz, Debako Udalari eskatzen diogu; herritarrok merezi dugun begiruneagatik eta duintasun politikoagatik aldaketa hau bertan behera uzteko eta koherentzia izpirik baldin badute, autokritika egiteko, hain era traketsean honelako prozesu bat bultzatzeagatik.