Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Karaka

Karaka hirira joateko mendira joan beharko dun. Ezin jakin zeinetara, ordea. Bertan hagoela jakinen dun mendi hori dela. Basoan barrena hoala sentituko dun hori dela lekua. Presarik gabe ibili, ingurua sentituz, basoari darion indarra sumatuz, orbelaren lurrina arnastuz, naturaren doinuak entzunez. Bidezidorrak ikusiko ditun han eta hemen; Karakara eramango hauena aukeratu beharko dun. Segur aski, lehenengoan kale egingo dun, eta bigarrenean; baina une batean jakinen dun hori dela. Jarraitu aurrera eta aurkituko dun harrizko ate bat, Karaka hiriko sarrera. Zabaldu dadin hitz magikoak ozen esan: «Abrite Portas klis klas!» Arrastaka zabalduko da. Barruratzean ilunak inguratuko hau. Atea itxi behar da. Zerrate Portas klis klas! Orduan, argitasuna egingo da eta hire aurrean Karaka hiria izango dun, harrizko hiri imajinaezina. Esnezko errekak zeharkatzen du alderik alde. Etxeak eta kaleak harrizkoak dira, harri lizunduak eta dirdiratsuak. Han eta hemen irudimenean bizi diren izakiak ikusiko ditun. Beraiekin mintzatzean beti hitanoa erabili beharko dun; eta dendaren batean sartuz gero, sartu bezala irten beharko dun. Begi bakarreko erraldoiak; ahate oinak dituzten neska lerdenak; orratzontzia bizileku duten galtzagorriak... Dena da posible Karaka hirian.

Ipuinak kontatzerakoan bidezidor egokia aurkitu behar da, zein den jakin gabe. Irudimenaren atea zabaldu behar da, formula egokia erabiliz. Eta behin barruan egonda dena posible dela sinistu. Karaka atea zabaltzea bizitzan barneratzea da.