Amalur ARTOLA
BILBO

«Enaren kontuak», jostailuzko tresnekin egindako kantuak

Enarek nola, etengabeko migrazioan nazio berriak ezagutzea maite dute Helena Casasek eta Marc Marcek. Beraiek dira 2 Princeses Barbudes, euskaraz abesten duten katalanak, haurrei zuzendutakoak baino haurrentzat ere egokiak diren abestiak ekoizten dituzten artistak.

Tapia eta Leturiaren kontzertu batekin liluratuta, berak ere panderoa jo behar zuela erabaki zuen Helena Casasek. Ikasi zuen, ezagutu zituen Tapia eta Leturia, eta Euskal Herriarekin zubia eraiki zuen. Ordurako eginak zituen euskarara hurbiltzeko lehen saiakerak, Filologia Katalana ikasten ari zela, lehena: «Bi ikasgai nituen euskararen inguruan, baina latina bezala ematen zen... Euskal musika tradizionala ezagutu nuenean hasi nintzen Bartzelonako hizkuntza eskolan euskara ikasten», aipatu digu. Mingaina trabatzen bazaio ere, bikain ulertzen du euskara, eta euskal hiztunekin euskaraz aritzeko ahalegina egiten du. Hala aritu da gurekin, eta jaiotzetikoa ez duen hizkuntza erabiltzen du bere sortze lanetarako ere.

“Gaueko entziklopedia koxkorra” (Gaztelupeko Hotsak) izan zen Mar Marce-rekin osatzen duen 2 Princeses Barbudes proiektutik eratorri zen lehen lana. Egunotan Euskal Herrian aurkeztuko duten “Enaren kontuak” (Gaztelupeko Hotsak) da bigarrena. Disko-liburua osatzen duten hamaika abestietan zehar, enaren bizimoduaz mintzatzen zaizkigu musikari katalanak, entzulea rocketik hasi eta cumbiara arteko esparru musikalean bidaiatzera gonbidatuz.

«Enara niretzat oso animalia interesgarria da, animalia migratzailea delako. Haren larruan sartzea oso interesgarria egiten zitzaidan», azaldu digu, eta enarei disko osoa eskaintzearen ideia etxe alboan dituzten habiei begira zegoela otu zitzaiola kontatu digu. «Gu beti kantuak sortzeko gai bila ari gara eta gure etxe ondoan ikusi nituenean, esan nuen: ‘Zergatik ez gara gu ere enarak?’. Eta hasi ginen pentsatzen gu enarak izango bagina bezala», azaldu du. Diskoa katalanez argitaratu zuten lehenik (“Sempre de vacances”, 2015), eta euskarara ekartzeko Uxue Alberdiren laguntza izan dute itzulpenetan: «Makina bat da, oso ondo ulertu dugu elkar».

Jostailuzko musika tresnak

Katalanak izanik euskaraz abestea ez da 2 Princeses Barbudesen bereizgarri bakarra: doinuak sortzeko jostailuzko musika tresnak erabiltzen dituzte. «Gu benetako instrumentuen musikariak gara, baina erronka da jostailuzko tresnekin aritzea, askoz zailagoa delako horiekin musika egitea: ezin duzu teknika behar bezala garatu, tresna asko ezin dira ondo afinatu... Baina dibertigarria da», azaldu du Casesek, eta kontatu du euren haurra jaio zenean oparitu zizkioten jostailuzko tresnekin trebatu zirela estreinakoz. «‘Guk ere erabil ditzakegu!’ pentsatu genuen, broma modura lehenik, baina egia da bisualki funtzionatzen duela: haurrek ikusten zaituztenean interesa pizten zaie, gogoratzen dira beraiek ere badutela horrelako danbor edo gitarra bat etxean eta ikuskizunaren ondoren erabiltzeko joera izaten dute», azaldu du.

“Enaren kontuak” lanean jostailuzko pianoak, xilofonoak, marakak, ukeleleak, soinu txikiak, danborrak eta, lehen aldiz, jostailuzko hiru sokadun gitarra elektrikoa eta baxu akustikoa erabili dituzte. «Rockera hurbildu nahi genuen eta interneten aurkitu genuen gitarra hori. Oso dibertigarria da hori jotzea», ziurtatu du. Rockaz gainera, popa, cumbia... ukitu ezberdinak dituzte abestiek. «Estilo ezberdinetatik gatoz. Adibidez, nire laguna [Marc Marce] jazzetik eta skatik dator, baita bateria [Marc Poch] ere, baxua [Toni Vilaprinyo] rock mundutik eta sinfonikotik, eta nik runba, cumbia eta tradiziozko musika landu izan ditut». Horien guztien batura da 2 Princeses Barbudes.

Egunotan Euskal Herrian ariko dira zuzeneko emankizunetan; bihar Bilbon eta larunbatean, Hondarribian. Emanaldiak publiko zabalarentzat direla nabarmendu du Casasek: «Ez dut uste ‘haurrentzako musika’ dagoenik. Guk esaten dugu mundu guztiarentzat egokia den musika egiten dugula, baita haurrentzat ere, nahiz eta disko honetako zenbait letra eta hitz joko ez dituzten ulertuko». Euskal publikoaz ere hitz egin du: «Ahalegina egiten dugu ingelesera itzuli beharrean gure lana euskarara ekartzen, eta euskaldunek asko eskertzen digute, baina trukean jasotzen duguna hainbeste da, beti dela plazera Euskal Herrira itzultzea».