Maider IANTZI
DONOSTIA

AEBetako robot dentsitateak Txinakoaren bikoitza gainditzen du

Ameriketako Estatu Batuetako robot salmentak bertze errekor bat jarri du: 38.000 unitate inguru banatu dituzte, 2010 eta 2018 arteko kopururik handiena. Gaur egun, AEBetako manufaktura-industriako dentsitatea Txinakoaren halako bi baino handiagoa da. Zazpigarren postuan dago munduko rankingean eta 2,1 milioi dolar mugitzen ditu.

Ameriketako Estatu Batuetako robot industrialen instalazioak %14 handitu dira. 10.000 langileko 200 robot daude manufaktura-industrian; Txinan, aldiz, 97, 2017ko datuen arabera. AEBetako roboten hazkundearen eragile nagusia etxeko eta mundu mailako merkatuetan ekoizpena automatizatzeko joera da. Bereziki, elikagaien eta edarien industrian (+%64) eta plastikoarenean eta produktu kimikoenean (+%30) gertatu da igoera.

Merkatu kuotari dagokionez, automobilgintza sektorea da roboten bezero garrantzitsuena. AEBetako autoen merkatua munduko bigarren handiena da, Txinaren ondotik.

Automobilgintzako robot dentsitatea %52 hazi zen 2012 eta 2017 artean, 10.000 langileko 790 robot izatetik 1.200 izatera pasatu ziren. Txinako dentsitatea, berriz, 539 unitatekoa zen 2017an. AEBetako Lan Estatistiken Bulegoaren arabera, automobilgintzako enplegua %22 hazi zen: 824.400 lanpostu izatetik 1.005.000 izatera igaro ziren 2013 eta 2018 artean.

Industria elektrikoa eta elektronikoa dira robot salmentaren bigarren bezeroak AEBetan. Iaz, hornikuntza osoaren %18 arlo horretarako izan zen. 2013tik 2018ra bitartean, roboten instalazioak %15 hazi ziren batez beste urtean. Instalazioen kopurua %2 gehitu zen 2018an, kasik 6.700 unitatetara iritsiz. Azken urteotan, litio ioizko baterien eta zenbait txip eta sentsoreren ekoizpen guneak sortu dira eta etorkizunean aunitzez gehiago jaioko direla aurreikusten dute.

AEBak, Kanada eta Mexiko bigarren postuan daude munduko industriako robot berrietan, Txinaren ostean. Hala adierazi du Junji Tsuda Robotikako Nazioarteko Federazioko presidenteak. «Robot sistema integratzaile ugari Ipar Amerikatik datoz, baina robot fabrikatzailerik handienak Japonia, Korea eta Europan daude».

Chicagon, Ipar Amerikako roboten eta automatizazioaren inguruko ekitaldi nagusia, Automate 2019 izenekoa, egin zuten joan den astean. Bertan, mundu osoko robotikaren, ikusmenaren, mugimenduaren kontrolaren eta automatizazioaren inguruko azken berrikuntzak erakutsi zituzten.

 

Hackerrekiko ahuleziaz ohartarazi dute bi start-up arabarrek

Acutronic Robotics eta Alias Robotics Gasteizen jaiotako start-upek robot laguntzaileak ez babesteak dakartzan arriskuez ohartarazi dute. Cobot deitutako robot horiek ezinbestekoak dira gaur egun industriaren automatizazioan, eta sektore profesionaletan ere sartzen ari dira, sukaldaritzan kasu. Baina, hain zabalduak izan arren, oraindik inork ez zituen aztertuak coboten software eta hardwareak, hackerrek eraso zitzaketen ala ez ikusteko.

Hurrenez hurren, robotikan eta zibersegurtasunean espezializatutako bi etxe euskaldunek elkarlanean aztertu dute berriki segurtasuna. 27 ahulgune detektatu dituzte, horietatik bi kritikoak eta sei hagitz serioak.

Acutronic Robotics start-upak joan den urte bukaeran aurkeztu zuen Mara, Estatuan fabrikatutako lehen robot esku laguntzaile eta modularra. Modulu autonomo eta aldagarriekin funtzionatzen du, “lego” bat izanen balitz bezala. Mara sakon ikertzeko baimena eman zuen Acutronicek, mundu osoko bezeroei banatzen hasi aitzinetik. Alias Roboticsek egin zuen azterketa. Bertan, beren tipologiagatik merkatuko robot beso guztiek konpartitu ditzaketen mehatxuak topatu zituen. Dispositibo horien segurtasuna zalantzan jartzen dutenak.

Acutronic Roboticsen erreakzioa segurtasuna berehala hobetzea izan zen: mehatxu modelo bat, segurtasun armarri bat plazaratzea, robota babesteko. Datozen asteetan hasiko dira lehendabiziko bezeroei bidaltzen.

Alias Roboticsek nabarmendu duenez, Acutronic analisiaren emaitzak plazaratzea baimendu duen lehena izan da, baina «merkatuan dauden cobot gehienek ez dute batere segurtasunik eta, okerragoa dena, fabrikatzaile gehienei bost axola zaie».

Start-upak tresna bat kaleratu du hackea zitezkeen robotak bilatzeko eta ordu gutxitan ehundik gora aurkitu zituen. «Egoera orokorra kezkagarria dela erakusten du horrek, segurtasuna prozesu bat baita, etengabe ebaluatu beharrekoa. Baina fabrikatzaileak eta saltzaile gehienak honi entzungor egiten ari dira», adierazi du Alias Roboticsek.M. I.