GARA
ZARAUTZ

Argazkigintzaren ikuspegi zabala Zarauzko Argazki Bileran

Urtero legez, Zarauzko Photomuseumek 2019ko Argazki Bilera antolatu du. Aurreko edizioei jarraiki, erakusketek hainbat genero fotografiko (publizitatea, erreportajea, argazkilaritza artistikoa eta natura argazkigintza) lantzen dituzte. Horrek guztiak helburu nagusi bat du: argazkigintzak eskaintzen dituen aukerak ikusleei hurbiltzea. Lau erakusketa daude ikusgai Photomuseumen, Sanz Enean, Zazpi Galerian eta Torre Luzean.

Argazkigintzaren ikuspuntua zabaldu eta jorratzen duten eremuak ikusleengana hurreratzen ditu Argazki Bilerak. Aurtengoan ere, lau erakusketaz osatuta dago, eta Photomuseumen, Sanz Enean, Zazpi Galerian eta Torre Luzean daude ikusgai.

Photomuseumen Cano Erhardt-en “Naturako Mirariak” ikus daiteke ekainaren 2ra bitarte (asteartetik igandera, goizeko 10.00etatik 14.00etara eta arratsaldetan 17.00etatik 20.00etara). Erhardten proiektua «naturaren edertasunari buruzko laudorioa da eta, era berean, bere esentziaren galerei eginiko elegia». «Mugatutako mundua da. Izkina guztietara iritsi gara, are eta gehiago, erraztasunez heltzen gara. Horrela, oso urrutiko natura topatzera joaten gara gutako asko eta asko, eta kontsumo objektu bihurtzen dugu. Ez dago jada espazio birjinarik, ezta norberarekin egoteko edo ezkutatzeko lekurik ere. Gehiegizko populazioaren eta aurrerabide teknologikoaren efektu garrantzitsua da berau», esan du argazkilariak.

Sanz Enean, bestalde, Agrupacio Fotografica de Reus taldearen “Ondarea berreskuratzen” erakusketa dago (ekainaren 2ra arte zabalik egunero 18.00etatik 20.00etara). Agrupacio Fotografica de Reus (AFR), argazkilari-amateur lagun talde batek sortu zuen 1961. urtean. Sortu zenetik Reuseko ondare fotografikoa, hau da, Kataluniako antzinako argazkilarien lana berreskuratzeko asmoa izan du. Erakusketa horrekin, Argazki Bilerak AFR omendu nahi du, elkarteak aintzat hartzeko moduko lana burutzen duelako argazkigintzaren munduan.

Zazpi Galerian ikusgai da Pedro Zarrabeitiaren “Oroituz” erakusketa (maiatzaren 12ra arte zabalik lanegunetan 18.00etatik 20.00etara eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara). Erakusketa horrekin Pedro Zarrabeitia argazkilari bizkaitarrari omenaldia eskaini nahi dio Argazki Bilerak. Ibilbide zabaleko argazkilaria izan zen. Nabarmentzekoa da 1980an Bilboko Arte Eder Museoan bere lanak aurkeztu zituen lehenengo argazkilaria izan zela. Gerora museo horren aholkularia izan zen. Sari ugari jaso zituen, bai bertakoak, bai nazioartekoak. Hainbat lekutan erakutsi izan zituen bere lanak eta hauek erakunde desberdinetan gordetzen dira: Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako San Telmon edo Photomuseumen bertan, besteak beste.

Azken erakusketa, Eastman Kodak Company-ren “Kodak iragarkiak” (maiatzaren 26ra bitarte 18.00etatik 20.00etara egunero) Torre Luzean ikus daiteke. Kodak izenarekin ezagutua, argazki ekipamenduak diseinatu, sortu eta saltzen zituen konpainia multinazionala zen. Argazkilaritza masetara hurbildu zuen, publiko guztientzat eskuragarri eginez. Gainerako argazki etxeek egin ez bezala, Kodak etxeak egindako iragarkiak emakumezkoei zuzenduta zeuden, beraiek zirelako memoria familiarra gordetzen zutenak. Helburu horrekin sortu zen 1908an “Kodak neska”: kamera eskuetan zuelarik bere oporrak, bidaiak, familia ospakizunak... betirako harrapatzeko prest agertzen zen irudia.