Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Garapena, gauza geldo hori

Auto elektrikoa du nire lagunak. Aktibista da. Erantzukizuna serio hartzen duten horietakoa. Donostiara autoz joaten da nire laguna, eta autoa karga-karga eginda eramaten du, gerta zer gerta, autoa berriz hornitzeko toki gutxi dagoelako. Baina gaur nire lagunak presa zeukan eta autoa behar bezala bete gabe abiatu da Donostiara. Han mandatu batzuk egin ondoren, Tabakalerako parkingera eraman du bere auto elektrikoa, han bai baitaude lauzpabost hornitze-puntu. Hara iritsita, ordea, ezustekoa: elektrikoak ez diren autoak daude elektrikoentzako diren tokietan aparkaturik. Joan da zinpekoarengana kontu eske, eta ez omen dago debekatuta dioxidoz atmosfera betetzen duten autoentzat, eko-ibilgailuen tokian aparkatzea. Legea da, aizu. Eta besteak han daudenez, nire lagunak ezin du bere autoa kargatzen jarri. Kafe bat hartu du tokiren bat libratu zain. Handik hamar minutura, toki bat libratu da, eta hantxe joan da nire laguna saltoka bere autoa entxufatzera. Entxufatzen hasita, ordea, konexioak ezberdinak direla deskubritu du. Zinpekoak adaptadoreak dituztela esan dio, egoteko zain beste pixka bat. Handi gutxira, sorbaldak igota eta esku ahurrak erakutsiz gerturatu da zaindaria, adaptadoreak egon bai, baina «jendeak eraman» dituela esanez. Hoska esan dit telefonoz nire lagunak, bila joateko faborez. Eta ez nadila auto elektriko batean joan. Bego.