Ane URKIRI ANSOLA
dONOSTIA
Entrevista
ESTHER ARROJERIA ARANTZAZISTROKE
SUPER AMARA BERA BERA

«Kopan lan ona egiten badugu indartsuago helduko diogu Ligari»

Duela bi urteko lesioa atzean utzita, Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994) taldearen gidaritza hartu du. Taldearen zati garrantzitsu bat dela sentitzen du, «eta ohorea da». Kopako azken zazpi finalak jokatu ditu Bera Berak eta zortzigarrenaren bila doa, 2016tik altxatzen ez duen garaikurra irabazteko asmoz. Ligako liderra izango dute aurkari gaurko final-laurdenetan (18.30).

Asko gustatzen zaidan txapelketa da», dio Esther Arrojeriak, Rocasaren aurka jokatu baino ordu batzuk lehenago. Ondo ikusten du taldea; Dos Santos izan ezik, jokalari guztiak daude jokatzeko prest, «eta alde horretatik abantaila txiki bat dugu».

Rocasa justuago dabil?

Pentsa daiteke baietz. Beraiek denbora gehiago daramate bi txapelketa aldi berean jokatzen, Liga eta Challenge Cup. Aukera txiki bat izan dezakegu beraien nekearekin jokatzeko. Beraiek fisikoki ondo daudenean, Seynabou [Mbengue] edo Lusson bezalako jokalari indartsuekin min egiten dute, baina minutuak pasa ahala nekea nabaritzen da. Ligako partiduetan giltzarri izan den bezala, Kopan ere izan daiteke.

Nola zaudete zuek?

Nabaritzen da denboraldian nahiko aurreratuta gaudela. Ia apiril bukaeran gaude eta minutuak eta partiduak pisua hartzen doaz. Behin Kopara iristen garenean, badakigu partidu bakoitza final bat dela, eta neke eta min guztiak ahaztu egingo ditugu.

Bera Bera Kopara ohituta dagoela esan daiteke. Azken zazpi finaletara iritsi da.

Bai, azken urteetan Kopako finalak jokatzera ohituta gaudela esan daiteke. Denak ez ditugu irabazi eta azken bi urteetakoak dira horren lekuko. Fisikoki indartsu gauden talde bat gara eta nahiko talde zabala daukagu. Hiru partidu jokatzea gogorra izaten da baina, bi gauza horiek kontuan hartuta, gure aldeko puntua izan daiteke.

Talde asko ez daude ohituta erritmo horretara.

Errekuperazio denbora oso txikia da eta partidu bakoitzean tentsio handia egoten da. Final-laurdenetan ez dago faborito argirik eta exijentzia maila oso handia izango da. Talde batean baldin badago jokalariren bat 60 minutu jokatu behar duena, argi dago igandera ez dela baldintza berdinetan iritsiko. Koparen xarmaren parte da, txapelketa nekagarria da, baina aldi berean oso polita, edozer gertatu daiteke. Gu irrikitan gaude. Esan izan da Kopa Bera Beraren txapelketa dela, azken bi urteetan zoritxarrez ez dugu lortu Donostiara ekartzea, baina sinisten dut aurten aukera izango dugula.

Zerk egiten du berezi Kopa?

Sortzen den giroa bera jada berezia da. Talde guztiak bi hoteletan banatuta egoten gara, beste giro bat sumatzen da. Denboraldi guztia zaude Ligako partidak jokatzen eta orokorrean guztia linealagoa da. Kopan, aldiz, partidu bakoitzean %100ean hasten ez bazara, etxera joateko arriskua daukazu, nahiz eta faboritoa izan. Exijitzen du oso kontzentratuta egotea hasieratik.

Ligatik arnasa hartzea ere bermatzen du.

Txip aldaketa bat eskatzen dizu, eta behar genuen. Ez dugu inondik inora ere Liga galdutzat ematen, baina Kopan lan ona egiten badugu are indartsuago iritsiko gara Liga bukaerara.

Barakaldon jokatzen da. Azken Liga bertan irabazi zenuten. Gustatzen zaizu Lasesarre?

Alde batetik gustatzen zait, baina bestetik handiegia iruditzen zait. Hain denez handia, pixka bat hotza iruditzen zait. Berez, izugarria da horrelako kiroldegi bat, baina guztiz betetzen ez denean, hotz sentsazioa ematen du. Espero dut Kopan, bizkaitar eta gipuzkoar asko gerturatzea eta ea lortzen dugun, guztion artean, ikuskizun polit bat eskaintzea.

Zer izango da partidako giltza?

Gure defentsa izango da. Hemen [Donostian] lehenengo zatian indartsu aritu ginen defendatzen. Badakigu Seynabouk oso jaurtiketa ona daukala eta, bestalde, pibotarekin ere oso joko ona egiten duen talde bat da Rocasa. Lehenengo zatian estu hartu eta bigarrenean are defentsa gogorragoa egitea izango da giltza. Erasoan ideiak antolatuta edukiz gero, gauzak aterako dira.

Beraiek erasoan urrutiko jaurtiketa indartsua daukate. Zuen kasuan ahulezia bat da.

Bai, beraiek aukera hori daukate. Horrelako jokalari bat daukazunean aprobetxatu egin behar da; hartu eta bota. Oso jaurtiketa gogorrak egiten ditu Seynabouk, atezainarentzako oso zailak. Oso atezain onak ditugu, baina ezin dute guztiarekin [barrez]. Gure kasuan Elke [Karsten] daukagu urrutiko jaurtitzaile gisa, baina batzuetan kosta egiten zaio momentu hori aurkitzea.

Zer pentsatu zenuten zozketan Rocasa ikusi zenutenean?

Ikusita ze talde sailkatu garen, bagenekin edozein izango zela aurkari zaila. Rocasak exijituko digu inongo momentutan ez erlaxatzea eta lehen partidutik guztia ematea. Jokalari bakoitzak %100 kontzentratuta egon beharko du aukeraren bat eduki nahi badugu. Horrek gure alde joka dezake. Kanporatzen badugu, finalean ez dugu elkar ikusiko.

Baina lehenengo neurketa galduz gero, etxera zoazte. Aukera horretan pentsatu duzue?

Hala da, aukera hor dago. %50ean dago sailkapena. Guk gure aukeretan sinisten dugu. Gure jokoa ondo egiten badugu, irabaziko dugu.

Ausartzen zara aurtengo finala nortzuek jokatuko duten esaten?

Orain bertan ez dakit zer esan... Finalerdiak nortzuek jokatuko dituzten esatea ere oso zaila ikusten dut. Ez dago neurketa argirik. Taularen beste aldean, printzipioz, KH7 Granollers edo Elx izan daitezke apur bat faboritoagoak, baina Zuazok etxean jokatzen du, eta Ligan izaten ari den eboluzioarekin nik ez dut baztertzen Zuazok ere finala jokatzeko aukerak izatea.

Euskal finalean sinisten duzu?

Ez zen lehenengo aldia izango eta sinatuko nuke. Kopan beti daude ezustekoak eta hori da duen berezitasuna. Faboritoak faborito dira kanpoan geratzen diren arte. Taldearen apustuan zer edo zer jarri beharko dut, oraindik pentsatzeko daukat...

Euskal finala aipatu duzu. Zuk min hartu zenuenean Ane Encina fitxatu zuen Bera Berak, orain Zuazon dago.

Ondo egin zuen. Orain agian aukera gehiago edukiko zituen, baina berak jokatu nahi zuen, logikoa da. Asmatu egin du. Guztiak ondo kointziditu dio han primeran egoteko eta ni asko pozten naiz. Hemen askotan penatuta egoten nintzen, nik uste nuen baino aukera gutxiago izan zituelako. Nik uste dut badituela gaitasunak jokalari oso on bat izateko eta bilakaera oso ona edukitzen ari da Zuazon.

Ligan tartea eduki duzuenean huts egin duzue, Valladolid eta Granollersen. Zer gertatu da?

Jakin dute gurekin nola jokatu. Bi talde horien aurka etxean ere sufritu egin genuen. Granollersen aurka bategatik irabazi genuen azken unean Merchek [Castellanos] penalti bat geldituta eta Aularen aurka berdindu egin genuen, azken uneko penalti jaurtiketa batekin. Ez nuke esango erlaxatu egin ginela bi puntuko aldea izan dugunean. Neurketa horietan ez genuen jakin lasaitasuna mantentzen une erabakigarrietan. Deseroso sentitu izan garen norgehiagokak izan dira eta nabaritu egin da emaitzetan. Pasa zitekeen. Bazirudien etxean Rocasa eta Guardes garaituta Liga irabazita zegoela.

Imanol Alvarezek zioen badakizuela tarterik gabe jokatzen. Kopan ez dago huts egiteko tarterik.

Hori da. Bada ea Imanolek esaten duena egia den.