GARA
DONIBANE LOHIZUNE

G7ari begira topaketak eginen ditu Aman Komunak sareak Donibane Lohizunen

Aman Komunak sarea G7koek heldu den abuztuan Biarritzen eginen duten goi-bilerari begira jarriko da maiatzaren 31tik ekainaren 2ra Donibane Lohizunen eginen dituen topaketen bidez.

Foro horretan frantses Estatuko egoerari erreparatuko dio gehienbat sareak; bereziki, “txaleko horien” mugimenduaren aurrean frantses Gobernuak garatu dituen lege erreformak eta errepresio moldeak aztertzeko.

Topaketak, maiatzaren 31n (20.00etan) abiatuko dira, Laurence Hardouin Baionako abokatuak eskainiko duen hitzaldiarekin: “Identifikazioa, polizia-etxea, epaitegia, kartzela: Jakin eta kudeatu”. Mintzaldian, bi preso ohiren testigantzak entzuteko parada ere izanen da.

Ekainaren 1ean, 11.00etan, «polizia eta justizia indarren estrategia berriak Frantzian» izango du hizpide Parisen lan egin duen Ainhoa Pascual abokatuak. 15.00etan, berriz, manifestazioetan jarduten duten kaleko medikuen esperientzia landuko dute tailer batean eta, azkenik, 18.00etan, Lundimatin webguneko partaide batek polizia bortizkeriaz hitz egingo du.

Donibane-Ziburuko gaztetxean iraganen diren topaketak bururatzeko, ekainaren 2an, Aman Komunak sarearen batzarra izanen da.