Floren Aoiz
@elomendia
JO

Trump eta bere kolegak kanpainan Nafarroan barna

Ikusi ez dituzue pertsonaia hauek ikusiko, baina eskuin autoritarioaren itzala nabarmena da foru eta udal kanpainan. Nabarmena izan zen eragin hori esaterako, telebista batek aste honetan antolatutako eztabaida batean. Iruñeko Udalaren ingurukoa zen eta Navarra Sumako Enrique Mayak ongi sintetizatu zituen eskuin zahar-berri honen pentsamendu eta egitasmoaren gakoak. Laburki, eskuinak jende arrunta defendatu eta askatasunak berreskuratu nahi ditu dena arautu eta debekatu nahi duten agintari progreen aitzin.

Eskuinak gobernatu du Nafarroan azkenengo mende luzeetan, baina jakin badakite gero eta jende gehiago dagoela haserre eta zapuztuta bizi garen prekarizazio eta desdemokratizazio garai honetan, eta maisuak dira emozio horiek kudeatzen, noren eta instituzioetara berriki iritsi denaren kontra. Horrela, neoliberalizazioaren efektu zuzena den komertzio ttikiaren krisia Alde Zaharrean egin diren trafikoa arautzeko neurrien ondorio gisa aurkezten dute. Aldaketaren udalek kotxez edonora iristeko askatasuna mugatu dute, finean.

Bide honetatik, demagogia autoritario neoliberala gertu dago, eta Mayak ez zuen jauzia emateko inolako lotsarik izan: «Zuek dena debekatu nahi duzue». Olentzeroen debekatzailea, Udaltzaingoa militarizatu zuena, labur esanik, debekua bere kudeaketaren muina bilakatu zuen politikaria debekuen kontra mintzo! Ongi etorriak eskuin demagogiko-autoritarioaren garaietara! Nafarroa kontinentea ote den ez dakit, jotak hala badio ere, baina Trump, Bannon eta beren lagunen kontinentean dago eskuina, hori argi dago.

Kontua da, gainera, autoritarismo berria aspaldiko tradizio autoritarioaz elkartzen dela Nafarroan. “Diario de Navarra”, adibidez, pozik asko pasa da Primo de Rivera txalotzetik Ciudadanoseko Rivera UPNrekin batera joan izana txalokatzera. Garaiak eta erak aldatzen dira, baina Nafarroako eskuinak demokraziarekiko gorrotoa gordetzen du beti, fresko-fresko.

Todo sobre JO