Aimar ETXEBERRIA
GIROA 2019

Ackermann, luxuzko esprint bideratzailea Ewanentzat

Goizegi esprintatu zuen Borakoak, eta honen gurpila baliatu zuen australiarrak.

Mugarri bat izan zen atzoko etapa Giroan, Carpin abiatu eta Novi Liguren amaitu zena (220 km). Mugarri bat, gaurtik aurrera bestelako dekoratu bat aurkeztuko duelako lasterketak, aktore protagonista berriak izango baititu; amaitu dira esprinterrentzat propio prestatutako etapak, eta mendiak bere lehenengo agerpena egingo du.

Maldak gogortzera egin aurretik, baina, izan zuten tropeleko bizkorrenek beren azken aukera. Apenas jazo zen ezer interesgarririk 220 kilometro luzeko etapan. Zentzu horretan, esan daiteke hirugarren atseden egunaz disfrutatu zutela jarraian txirrindulariek, asteleheneko atseden egun ofizialaz gain bezperakoa izan zelako hiru asteko lasterketen artean, azken urteotan, eta potentziometroaren agerpenetik, esfortzu gutxien eskatu zuen etapa –193 watt–.

Hiru txirrindulari, hiru italiar, izan ziren eguneko ihesaldiaren protagonistak: Marco Frapporti (Androni), Mirco Maestri (Bardiani) eta Imerio Cima (Vini Fantini). Hirurak dira Giroan ihes eginda kilometro gehien daramatzatenak. Euren abenturak, baina, ez zuen luze iraun. Iritsi ziren tropelarekiko sei minutuko abantaila izatera, baina helmugatik 26 kilometrora irentsi zuen hirukoa taldeak.

Hortik aurrera, esprinterren eta sailkapen nagusiaren lehian diren taldeek hartu zuten tropelaren burua. Tartean ziren Lotto-Soudal, FDJ eta Deceuninck, Caleb Ewan, Arnaud Demare eta Elia Vivianiren taldeak, hurrenez hurren. Izan zen esprinta saihestu nahi izan zuenik ere; Christian Kneesek, Ineos taldeko alemaniarrak, saiakera egin zuen lau kilometroren faltan, baina apenas iraun zuen kilometro erdi tropelari aurrea hartuta.

FDJ frantziarrak izan ziren azken kilometrora tropel buruan sartu zirenak. Esprinta, ordea, Bora taldeko Pascal Ackermannek abiatu zuten, goizegi baina. Izan ere, luze egin zitzaizkion azken metroak alemaniarrari, eta haren gurpila hartua zuena, Ewan, nagusitu zen Novi Ligureko helmugan. Haren atzetik helmugaratu ziren Demare eta Ackerman bera.

Montoso, parez pare

Gaur igoko dute txirrindulariek Giro honetako lehenengo mendate serioa: Montoso (8,9 km %9,4ra). Datozen lau etapen artean errazena da gaurkoa; izan ere, helmugatik 30 kilometro pasatxora igoko dute mendatea. Amaiera, baina, interesgarria izango du; malda gogorra ageri da helmugatik bi kilometro eta erdira (450 metro, batez besteko %14ko pendizarekin, %20ra ere iristen dena). Laua da azken kilometro eta erdia.