23/05/2019

Beste 17 talde batu dira GARArekin elkartasunez egingo den jaialdira

Hamahiru ezagutzen ziren, eta orain beste hamazazpi izen gehitzen zaizkio prentsa eta adierazpen askatasunaren alde ekainaren 9an Donostian egingo den jaialdiaren azken afixari: Ruper Ordorika, Su Ta gar, Anita Parker, Des-Kontrol, Gari, KOP eta Ze Esatek! daude tartean. 30 talde eta bakarlari igoko dira prestatuko diren hiru agertokietara.

M. J.|DONOSTIA
Ilunbe-kartela
30 bakarlari eta talde igoko dira agertokira Illunben.

ESKERRIK ASKO


GARAri babesa agertu dioten talde eta musikarien zerrenda elkartasun jai honetako afixan ageri dena baino askoz luzeagoa da. Tamalez, ez dago denentzako espazio eta denborarik. Guzti-guztioi, eskerrik asko.

AZKEN AKORDEAK


Bakoitzak zein ordutan eta non joko duen ez, baina egunari bukaera zein taldek emango dion aurreratzea badago: agur biran dabiltzan Ze Esatek! gipuzkoarrak izango dira, kanpoan jarriko den karpan, zehazki.

Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda, Gari, Su Ta Gar, Josetxu Piperrak & The River Rock Band, Ruper Ordorika, ETS, Xutik, Liher, Des-Kontrol, Bad Sound System, McOnak, Somos Guerreras proiektua Rebeca Lane, Nakury MC eta Audry Funk-ekin, KOP, Anita Parker, Patxuko Nice eta Ze Esatek! Horiek dira ekainaren 9ko elkartasun jaialdira batu diren azken hamazazpi talde eta bakarlariak. Horrenbestez, 30 izango dira GARAren espolioari aurre egiteko eta prentsa eta adierazpen askatasunaren alde agertzeko antolatutako jaialdian parte hartuko dutenak.

Alabaina, babesa adierazi duten talde eta bakarlarien zerrenda hiru aste barru Donostia Arenan (Illunben) izango diren horiek osatzen dutena baino dezente luzeagoa da. Asko eta asko izan dira parte hartzeko eskaintza egin dutenak eta azken afixa horretan tokirik gabe geratu direnak, halabeharrez geratu ere: denbora eta espazio faltaren ondorioak. Horiei denei, gure eskerrik beroenak.

Badira aste batzuk gainerako hamahiru izenak ezagutarazi genituela: Berri Txarrak, Los Zopilotes Txirriaos, Soziedad Alkoholika, Hesian, Huntza, Nøgen, Itziarren Semeak, La Furia, Valtonyc, Siroka, Esne Beltza, Talco eta Gatibu.

Egun osoz eta hiru agertokitan

Eguerdian hasi eta 12 orduz luzatuko den jaia izango da ekainaren 9koa –elkartasun egun oso bat, kasik– eta bertaratuko direnek hasieratik bertatik izango dute eskaintza erakargarria: estilo frankotako musika lehen momentutik, jan-edanerako aukera oparoa... Gogoan izateko modukoa izango da.

Jakina, 30 talde izateak azpiegitura potentea eta antolaketa ahalik eta zorrotzena eskatzen ditu: hartara, hiru agertoki jarriko dira azkenean (bi Donostia Arenaren barruan eta hirugarrena kanpoan jarriko den karpan), eta talde edo bakarlari bakoitzak ordu erdiko kontzertua eskainiko du.

Nork noiz eta non joko duen oraindik aurreratzerik ez dagoen arren, egunari amaiera zein taldek jarriko dion esaterik badago dagoeneko: agur biran dabilen Ze Esatek! ska-rock talde gipuzkoarra izango da, kanpoaldeko karpa horretan. Illunbe barrukoa lehentxeago amaituko da eta Los Zopilotes Txirriaos iruindarrak izango dira han azken akordeak joko dituztenak.

GARAren espolioaren berri eman genuen unetik elkartasun adierazpen ikaragarria jaso du proiektu honek –herri eta auzoetan egiten ari diren batzarrak eta “Harpidetu Etorkizunera” kanpaina izaten ari den zabalkundea dira horren seinale–, tartean Euskal Herriko hainbat musika talderena: laster aurkeztu zuten beren burua boluntario zeozer egiteko, eta ekimen horren fruitu da ekainaren 9ko jaialdi berezi hau.

Jendeak ere bikain erantzun du: salgai jarri bezain laster bukatu ziren sarrerak, aurrena Belodromorako eta gero, edukiera arazoei erantzutearren alternatiba bilatu zenean, Illunberako.