Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Jose Ramon Andaren zurezko basoak

Artistaren etxera, sormenaren intimitatera sartzeko gonbidapena luzatu du Jose Ramon Anda bakaikuarrak Donostiako Kubo aretora eraman duen «Lantegia» erakusketan. Artistaren tailerra iradokitzeaz gainera, auzolanaren ikur ere bada erakusketa eta, bisitariari, areto batean baino gehiago, baso bizi batean sartu izanaren sentipena nagusitzen zaio. Zurezko 91 obra handi eta ertainek osatzen dute Andaren «Lantegi». Abuztuaren 25era arte, Kubo-n ikusgai.

Sartu aurretik ere, baso usaina igartzen zaio Donostiako Kubo-Kutxa aretoari. Bertan paratu du Jose Ramon Andak “Lantegi” erakusketa, artistaren eremu intimoenera bidaiatu eta bakaikuarraren zurezko piezen artean bidaiatzeko proposamena egiten duen erakusketa.

“Lantegi”-k bi adierari egiten dio erreferentzia, artistaren tailerrari batetik, eta auzolanean oinarritutako baso lanei bestetik. «Andaren tailerrera doazen bisitariak liluraturik geratzen dira, bere obraren ikurra da, eta tailerra areto honetara ekarri nahi izan dugu», azaldu zuen erakusketaren aurkezpenean Javier Balda komisarioak. Bestetik, auzolanari erreferentzia ere egin nahi izan diote, maiz, funtsezko material dituen zuhaitzak lan horien ondotik jasotzen ditu-eta. «Ideia bikoitz hori, tailerrarena eta jarduera soziokulturalarena, bildu nahi izan dugu hemen», zehaztu zuen Baldak.

Labur mintzatu zen, bere aldetik, Anda, obrek euren kabuz hitz egiten dutela eta aretoa bisitatu ostean nork bere ondorioak atera zitzala eskatuz.

Baso bizia

Aretora sartu orduko igartzen da lantaldeak erakusketa atontzeko egin duen ahalegina. Piezak, gehienak tamaina handi eta ertainekoak (91 obra dira guztira, aldi ezberdinetan egindakoak eta hiru ex profeso erakusketa honetarako egindakoak) multzoka daude sailkatuta bisitariari baso txikien artetik dabilen sentsazioa eraginez eta sentipen hori are gehiago indartzen du erabili duten argiztapen sotilak, itzalekin jolas eginez, begirada piezen hutsune eta ertzetara gidatuz.

Aretoan bai, obrei buruz xehetasunak emateko prest agertu zen Anda eta esan zuen, esaterako, zur ezberdinak lantzen baditu ere haritza duela oinarrizko lehengai. Sartagudako memoriaren parkearen sarrerarako egin zuen obraren erreprodukzioa ere erakutsi zuen: «‘Besarkadaren atea’ da, Sartagudarako egina. Ez diote alferrik esaten alargunen herria». Zeharkatzeko pentsatuta dauden obrak dira, barrunbeak arakatzeko, ukitzeko, “Sartu ahal baduzu” (2008-2012) izenekoa bezala: metrotik gorako zabalera duen enbor bati barruak hustuta egindako pieza da, tolestura eta ertz ezberdinak dituena. «Irekiguneak ditu, sartu nahi baduzue», egin zuen gonbidapena.

Azaldu zuenez, eredu bera erabiltzen du pieza orotarako: obra bakoitza egur zati trinko batetik sortzen du, eta ertzak eta sakonuneak bilatzen dizkio, adierazpide eta argi joko ezberdinak sortuz.

Zenbaitetan, baina, bestelako materialak ere erabili izan ditu, “La liberación por desplazamiento del Hombre de Vitrubio” (2010-2014) izenekoan kasu. Zurezko egitura baten gainean, soldatzeko brontzezko hagaxkak erabilita elkarrengandik bereizten ari diren zirkulua eta laukia irudikatu ditu: «‘Ea zer gertatzen den Leonardoren [da Vinci] irudia planotik hiru dimentsiotara eramatean’, galdegin nion nire buruari, eta zirkulua eta laukia bananduta, azkenean, askatasuna lortu zuen».

Obra espresuki artistikoez gainera, beste areto batean aulkiak, erretiluak, mahaiak eta erabiltzeko pentsatuta dauden beste artisau lan batzuk ere jarri ditu ikusgai Andak, eta erakusketaren katalogo bat ere argitaratu dute, Javier Balda, Fernando Golvano eta Maria Bolañosen testuekin.

Azkenik, jarduera paraleloak ere izango dira. Uztailaren 11n, Andaren eskutik bisitaldi gidatua izango da, 19.00etan; ekainaren 13an, Raul Ibañez EHUko Geometria eta Topologia irakaslea artistaren obraz ariko da (19.00); uztailaren 13an, Node-k performancea eskainiko du (20.00); larunbatero familientzat “Zur & Lur” tailerrak egingo dira; eta, ohi bezala, larunbatetan doako bisitaldi gidatuak izango dira (18.30ean euskaraz eta 19.30ean gaztelaniaz).