Surflari ernegatua

Egokitutako surfa

Egokitutako Europako Surf Txapelketan lehen postua eskuratu berri dute Ibon Muguerza eta Aitor Francesena gipuzkoarrek, kategoria desberdinetan. Albiste hori eta antzekoak zergatik ez ditudan argitaratzen askotan azaldu dut, baina berriz ere azalpenak eman beharrean nago, zenbaitek ez duela ulertzen ikusten dudalako.

Lehenik eta behin argitu behar dut ez dela ezer pertsonala, ez naiz hain eskasa auzi pertsonalak atal honetako albisteak hautatzeko irizpideen gainetik jartzeko. Horrela egingo banu, ez nuke azalpenik eman beharko, halako eskaskeriak ulertzea errazagoa baita irizpide zehatzen araberako jarrerak ulertzea baino. Francesena eta Muguerza ezagutzen ditut, biak dituk lagun, eta biei errespetu handia diet, baina orrialdeotan argitaratzeko berriak hautatzeko ezarri nituen irizpideak errespetatu behar ditut, eta atzerriko selekzio batek Europa edo mundu mailan lortzen dituen emaitzak ez ditut argitaratzen, ezta selekzio horietan euskaldunak badaude ere.

Irlandako txapelketa nazionaleko emaitzak ez ditugu ematen, ezta Irlandako taldeak Europan lortzen dituen emaitzak ere. Gauza bera Portugal, Ingalaterra, Frantzia edo Espainiako taldeekin. Frantzia edo Espainiako selekzioan badira euskal herritarrak, agian Euskal Selekzioarekin lehiatu ahal izango balute egun ordezkatzen dituzten koloreak ordezkatuko ez lituzketenak, baina egun oraindik Euskal Selekzioak ez dauka lekurik, ez Europan ez mundu mailan ere.

Soilik gure selekzioak eta bertako kideek lortzen dituzten emaitzak argitaratzea estrategia galtzailea dela pentsa dezake irakurleak, eta agian arrazoi du, gure selekzioak parte hartu ezin duen heinean, ez baitago albisterik. Bitartean, espainiar zein frantziar selekzioekin ari diren lehiakideak goratzen jarraitzen dute komunikabideek (baita egunkari honek ere beste kiroletan), eta badirudi atzean geratzen garela, ez dugula eman beharko genukeen albisterik ematen eta ez garela errealistak, ez dugula errealitatea den bezala onartu nahi.

Ez da horrela, badakit kirolari askori bost axola zaiola espainiar edo frantziar selekzioarekin lehiatzea, baina guri euskal selekzioarekin lehiatu nahi duten kirolarien berri ematea dagokigu. Horiek ere badirelako, eta beste inork aipatuko ez dituelako. Ez daukat eskuartean Francesena eta Muguerzak parte hartu duten txapelketan lehiatzeari uko egin dioten kirolarien zerrenda, baina egon badaudela badakit. Kirol albiste bat eman eta kirolari bat goratzearen artean alde handia dago, baina egungo komunikazio ereduan biak eskutik doaz.

Modan dago zerbait esatea ekidin nahi duenak dialektikoki “surfeatu” egiten duela esatea. Egokitutako surfean, modalitate bakoitza parte hartzaileek duten desgaitasunera egokitzen da. Ordea, errealitatea ez da selekziorik ez izateak sortzen duen desgaitasunera egokituko, beraz gu geu, nazio gisa, egokitu beharko gara errealitatera. Egokitzera behartuak gaude, atseden gabe “surfeatzera”, zentzu guztietan. Aitortu gabeko nazio honek etengabe lehiatu behar du “egokitutako surf txapelketan”, estatuek eta komunikabideek indarrez ezarritako “itsuen modalitatean”.