GARA
Baiona

Musikaren Egunak 30. eta azken edizioa ospatuko du aurten, etorkizunari begira

Urdiñarben, ekainaren 7tik 9ra agur musikatua emanen diote hiru egunez festibalari. Antolaketaren pisu handiegiak eraman ditu Bil Xokoa elkarteko kideak proiektua bertan behera uztera.

Musikaz beteriko arratsalde batekin abiatu zen 1983an Musikaren Eguna, eta berehala egin zuen salto azken urteetan ezagutu ditugun hiru egunetara. Militantez osatutako Bil Xokoa elkarteak du urtero antolatzen, eta denborarekin geroz eta pisuagoa egin da horrelako ekimen bat kudeatzea. «Festibala bere arrakastaren biktima izan da neurri batean», azaldu du elkarteko Jean-Jacques Etxeberrik Mediabasken egin elkarrizketan.

Finantzazioa zailtasunetako bat izan dela gaineratu du Etxeberrik: «30 urtez sartzea urririk mantendu badugu ere, agerikoa denari egin behar diogu aurre: filosofia hau bukaerara heldu da, bereziki horrelako kalitatea duten emanaldiak kontuan harturik».

Hala ere, Bil Xokoaren bidea ez dela bertan bukatuko azaldu du: «Zerbait izanen da, baina ez da Musikaren Eguna izanen. Elkarteak beste norabide batzuk hartuko ditu, gazteria gure segida hartzeko prest da. Nahiago izan dugu 30.a azkena izatea gainbeheran sartzen utzi gabe». Hemendik goiti, animazioak izanen dira urte osoan zehar.

Programa aberatsa

Azken edizioko programa «bereziki aberatsa» izanen da, non musikaz gain, ikusgarriak, tailerrak... ere izanen diren. Ostiralean, herriko gazteek maskaradari loturiko ikuskizuna aurkeztuko dute. Larunbatean, Tokia konpainiak “Les Freres Gooming” antzezlana eskainiko du, eta gauean Niko Etxart, Anje Duhalde eta Joseba Tapia «nehoiz ikusi gabeko kontzertuan bilduko dira». Igandea musikaz bete ondoren, jaialdiari bukaera su artifizialekin emanen zaio, C’est le Pompon-en eskutik.