GARA
Donostia

Higiezinen kredituaren lege berriak kaleratzeak ugaritu ditzakeela ohartarazi dute

Aurtengo aurreneko hiruhilekoan kaleratzeek behera egin dute, iazko epe berarekin alderatuta. Beherakada %10ekoa da, baina Kaleratzeak Stop plataformak adierazi du bihartik indarrean jarriko den lege berriaren ondorioz kaleratzeek gora egingo dutela.

Botere Judizialaren Batzorde Orokorrak aste honetan argitaratu dituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian etxe kaleratzeek %10eko beherakada izan dute urteko aurreneko hiru hilabeteetan, iazko epe bereko datuekin alderatuta. 315 kaleratze gertatu dira guztira, «besteak» kontzeptuan agertzen diren 40 kasuak batuz gero. Hala azaldu du Kaleratzeak Stop elkarteak, eta jaitsiera horrekin tentuz jokatzeko mezua ere zabaldu du.

Kaleratzeen aurkako plataformak ohartarazi zuen gaur jarriko dela indarrean higiezinen kredituaren lege berria eta, beraz, bihartik aurrera aplika dezaketela bankuek. Araudi berriarekin, bezeroa salatzeko aukera dute 12 kuota edo gehiago zor dituenean eta, gainera, ez du kontuan hartzen etxebizitza ordainean ematea.

Gauzak horrela, Kaleratzeak Stop plataformako kideen ustez, bankuak lege hau ezar dadin zain daude kaleratze exekuzio gehiago abiarazteko. «Milaka burofax dituzte prestatuta familia zaurgarriei zorraren ordainketa exijitzeko», adierazi zuten ohar bidez. Gaineratu dutenez, bankuek familia horiei Praktika Egokien Kodea (“De Guindos Dekretua”) eskaini beharko liekete hilabete bateko ordainketan huts egin orduko, eta ez zorra puzten utzi. Legedi berriarekin, hilabete batean ordainketan kale eginez gero bankuek maileguaren ordainketa osoa exijitu dezakete.

Gehiegizko klausula legeztatu

Behar baino lehenagoko epemugari dagokionez ere aldaketak ekarriko ditu lege berriak eta kasu honetan «gehiegizko klausula» bat dela gogorarazi zuen plataformak. «Gehiegizko klausulatzat jo zuen Europar Batasuneko Auzitegi Gorenak eta horri esker hainbat salaketa geldiarazi ahal izan ziren», adierazi zuen elkarteak. Astelehenetik aurrera, geldiarazita zeuden salaketa guztiak berrabiarazi ahal izango dituzte bankuek eta horren inguruan kezka agertu zuten.

Behar baino lehenagoko epemugaren aplikazioa legeztatuta, bankuek mailegua bere osotasunean eskatu ahal izango dute lehenengo epean erabiltzaileak 12 kuota zor dituenean (utzitako maileguaren %3 zor denean) edota bigarren epean 15 kuota zor dituenean (%7).

Kaleratzeak Stop plataformakoek adierazi zutenez, beraiek lege hau Espainiako Kongresuan tramitatzear zegoenean jada salatu zuten eta orduan ere azaldu zuten zer nolako ondorioak izan zitzakeen. «EAEn eta Estatuan milaka kaleratze abiaraz daitezke», adierazi zuten; izan ere, erabiltzaileak 93/13 Zuzentarauaren babesetik at geratzen dira.

Higiezinen kredituaren lege berri honek 2014an ezarri zen Europako zuzentarau bati erantzuten dio eta Kaleratzeak Stop-eko kideek onartu zuten hobekuntza batzuk jasotzen dituela, baina aurretik epaitegiek horien alde egin zutela azpimarratuta.

Zoru klausulaz edo berandutze interesaz mintzo ziren horiek, baina IRPH indizea kanpoan uzten duela zehaztu zuten.

Manifestu bat

Beren hitzetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusiei zein Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalei «belarritik tiratzeko unea» iritsi da. 2015ean onartu ziren ebazpenetan jasotzen zen hiru herrialde horiek «kaleratzerik gabeko lurraldeak» izango zirela eta hori betetzeko konpromisoa erakutsi zutela bankuekin hitz egin eta akordio batzuk adosteko.

Irailean, bestalde, irailean salaketa gehiago egon litezkeela ohartarazi zuten, alokairuen merkatu pribatuan gora egiten ari den espekulazioa dela eta. EAEko «logela larrialdiaren» aurrean instituzioei neurriak har ditzaten eskatzeko manifestu bat osatu du kaleratzeen aurkako elkarteak.