Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Nazismoaren infernuan sortutako maitasun istorioa

Lale Auschwitzeko kontzentrazio esparruan preso sartutako gazte eslovakiarra da. Laleren zeregina bera bezala naziek harrapatu eta esparrura eramandakoei besoan identifikazio zenbakia tatuatzea da. Horretan ari da Gita ezagutzen duenean. Bien istorioa kontatzen duen Heather Morrisen «Auschwitzeko tatuatzailea» euskarara ekarri du Alberdaniak.

Lale eta Gita Sokolov eslovakiarren historia kontatzen du “Auschwitzeko tatuatzailea” eleberriak, baina, aldi berean, nazien kontzentrazio esparruetan preso izandako guztien historia ere kontatzen du. 2018. urtean argitaratutako “The tattooist of Auschwitz” Heather Morrisen lehen eleberria da. Gidoilari lanetan eskarmentua badu ere, Melbourneko ospitale batean egiten du lan Morrisek, literatura mundutik oso urrun.

Morrisek Lale Sokolov ezagutzeko aukera izan zuen eta berak kontatutakoa nobela bihurtzeko enkargua jaso zuen. Ahal bezain ondo egin zuen eta jada 44 herrialdetan argitaratu dute emaitza, eta bi milioitik gora irakurle izan ditu eleberriak. Orain euskaraz ere irakurri ahal izango dugu, Alberdaniaren eskutik. Miel Anjel Elustondo izan da itzultzailea, eta jatorrizko bertsioaren mailan egotea izan du «kezka» nagusia: «Munduan zehar onespen handia izan du liburuak eta horrek baldintzatu egin nau. Hizkera zuzena baina aberatsa behar zuen, bizkorra baina ez sotiltasun gabea, zorrotza baina gozoa tarteka. Hitz bakar batean bildu beharko banu eleberri honen idazkeraren nondik norakoa, eraginkortasuna aukeratuko nuke».

Lale Sokolov tatuatzailea izan zen Auschwitzen, eta horretan zebilen Gita ezagutu zuenean. Lalek azaltzen zuenez, berak zenbaki bat tatuatu zion Gitari, baina emakumeak berari bere izena tatuatu zion bihotzean. Maitemindu egin ziren eta kontzentrazio esparrutik biak bizirik aterako zirela hitzeman zioten elkarri. Lortu egin zuten eta bizitza osoa eman zuten elkarrekin, hil arte; Gita 2003ko urriaren 3an zendu zen eta Lale 2006ko urriaren 31n. Ordurako Heather Morrisek jada jasoa zuen gizonaren testigantza.

Miel Anjel Elustondo duela lau urte izan zen Krakovian bidaia batean, eta Auschwitzera ere joan zen. Orduan ez zekien Alberdaniak holokaustoari buruzko liburu bat itzultzeko enkargua egingo zionik, baina ondo etorri zaio bidaia hori egin izana bere lana hobe egiteko. «Argazkiei begira korapilo bat sortu zait eztarrian», aipatu zuen hunkituta Donostian egindako aurkezpenean, atzealdean jarritako proiekzioari adi. «Historian izandako suntsipen izugarrienetako bat izan zen», esan zuen Poloniako kontzentrazio esparru ezaguna gogoan. «Denok jaso dugu Auschwitzen berri, baina gauza bat da jakitea zer gertatu zen eta bestea bertan ibili izana», nabarmendu zuen itzultzaileak.

Elustondoren ustez, Auschwitz edo beste kontzentrazio esparruren bat bisitatu dutenei interesa pizten zaie eta arreta handiagoz jasotzen dituzte holokaustoari buruzko berriak, bertatik bertara horrelako leku bat ezagutu izanak utzitako arrastoa akuilu. Egindako bidaia hartan ikusitakoa oroitzean, adreiluzko eraikinak, tren geltokia, trenbideak, sarrera nagusiko kartela, gas ganberak eta «leku guztietan den alanbrea» aipatu zituen Elustondok.

Liburua itzultzeko enkargua jaso eta Morrisen testua irakurtzen hasi zenean «harrapatu» egin zuela aitortu zuen itzultzaileak, are gehiago irakurtzen ari zena egia zela jakitean. «Lalek Gita tatuatu zuen eta erabaki zuten infernu horretatik biek atera behar zutela. Hezur-haragizko pertsonaien bitartez historia ezagutzeko aukera ematen digu eleberriak», aipatu zuen.

Itzultzailearen esanetan, era guztietako irakurleei zuzendutako lana da, «bai literatura zaleei, bai lekukotza estimatzen dutenei, bai testuari bizitasuna eta trama landua eskatzen diotenei ere».