Mikel ZUBIMENDI
Gasteiz

Politika zaharraren ajeak estatus berriaren eztabaidan

Alderdien arteko borroka dialektikoetan aurkaria egurtzeko makila bilakatzeko bidean dira EH Bilduk eta EAJk adostu zuten estatus berriaren proposamena eta prozedurak izan dituen atzerapenak. Atzo bertan, urruti gabe, PPk berehalako «damua» exijitu zien jelkideei eta adituen batzordeari azarora arte eman zaien atzerapenak ez duela ezertarako balio gaineratu zuen, estatus berriaren «aldrebeskeria berehala, orain, lurperatu» behar dela nabarmenduz.

Legegintzaldiaren fruitua izan beharko litzatekeena, alegia, herri aitorpena, erabakimen askea eta erronka ekonomiko, sozial eta kulturalei aurre egiteko behar besteko botere politikoa ekarri behar zuen estatus berriaren proposamena, zaharkitutako politikagintzaren molde eta tonuan lokazten ari da. EH Bilduk eta EAJk adostu zuten estatus berriaren oinarriek bat egin zuten herri abertzalearen sentipenekin, siglen arteko batuketa bat baino herri honen gehiengo batek nahi eta merezi duen akordioa biltzen baitzuen.

Legegintzaldian onartzekoa zena azaro arte atzeratuko dela jakin da orain. Izan ere, ezinezko gertatu da alderdiek proposatutako adituen batzordera Legebiltzarrak bidali zituen planoak testu artikulatu batean gorpuztea. Igeltsero izateko aukeratu zituzten adituetako batzuek arkitekto bezala jokatu nahi izan dute, atzerapenetik atzerapenera, den-dena bertan geldirik mantenduz legegintzaldia (eta sinesgarritasuna) amaitu arte.

EH Bilduk «impasse» batean ikusi du batzordearen lana eta bere ekarpena bideratuko du hilabete honetan bertan. EAJk dio dena «ondo» doala. PSEk eta PPk espainiar Konstituziotik kanpo ikusten dute dena, eta Podemosekoek, ez bata ez beste baizik eta guztiz kontrakoa.

«Damutu zaitezte»

Gauzak horrela, gaur Legebiltzarrean egingo den bileraren bezperan, EAEko PPko buru Alfonso Alonsok dei zehatza egin zion aurrekontuak onartzeko esku- kolpea eskatu dion EAJri. EH Bildurekin estatus berri bat onartu izanagatik, «damutzeko» eta egitasmoa behin betiko «lurperatzeko» eskatu dio. «Bukatu dira txantxak, berehala, uztaila amaitu baino lehen, itxi behar da bide hori», bota zuen, esku artean dagoena Gernikako Estatutuaren erreforma bat baino Kataluniakoa bezalako bide subiranista abiatzea dela iritzita.

“Damuak eta lurperatzeak” exijituz euskal politikaren maila erabat jaisten dutela kontuan hartu gabe, lokatz horietan aztarrika egiteak politikoki on egingo diela pentsatuz, are eskaera zehatzagoa egin zuen PPko buruak: «Gaur bertan esan behar da hau ez doala inora, bukatu dela, akordioa bertan behera uzten dela. Ez dauka zentzurik azarora arte atzerapenetan aritzeak». Eta azken mezua utzi zuen agerraldian: «Konstituzioa ez da gaindituko, haustura egoerara ez gara joango, lehenago hartuko ditugu neurriak».

EAJren «txepelkeriaz» harago, aukera badela dio EH Bilduk

EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak, Onda Vascari egindako adierazpenetan, EAJ «txepelkeriaz» jokatzen dabilela salatzeaz gain, «azarorako testu artikulatua bukatzen bada eta borondate politikoa badago, estatus berria legegintzaldi honetan onartua izateko aukerak» badaudela nabarmendu zuen. Bere iritziz, EAJ ez da espero zitekeena egiten ari, EH Bildurekin batera proposamen adostua izan arren, idi pareak egiten duenaren kontra «ez baitu gurditik tiratzen».

Prozesuak ezagutu dituen atzerapenekin ez daudela «batere konforme» eta beren borondatea «bide hori azkartzea» izan dela adierazi zuen. Asmo horretan kokatu zuen EH Bilduk proposaturiko Iñigo Urrutia adituak paraturiko testu propioaren aurkezpena, «nahi bada aurreikusitako epeetan egin daitekeela erakusteko pedagogia ariketa bezala». Eta berretsi zuen aditu taldeak ezin duela Legebiltzarrak eztabaidatu eta erabakitakoa eztabaida iraunkorrean betikotu; «ez dauka horretarako zilegitasun demokratikorik». M. Z.