GARA
GASTEIZ

Murgaren agerraldia eskatu dute uztailerako, LEPari buruz azalpenak eman ditzan

EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk premiazkotzat jo dute Osasun sailburuak Osakidetzaren barne ikerketari buruzko azalpenak ematea.

Azken asteotan agerian geratu denez, Osakidetzako lan eskaintza publikoari (LEP) buruzko barne ikerketan agertu ziren hainbat kontu ez zituzten auzitegira eraman. Tartean da duela urtebete jasotako lekukotasuna, zeinean orain sailburu kargua duen Nekane Murgak irregulartasunen berri bazuela aipatzen den. Horren larritasuna nabarmenduta, EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk eskaera egin dute, uztailean Murgak Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egin eta aferari buruzko azalpenak eman ditzan. Esan dute Parlamentuak «ahalik eta azkarren» entzun behar dituela Murgak esan beharrekoak.

Rebeka Ubera eta Cristina Macazaga legebiltzarkideen aburuz, «Osasun Sailaren jokabidea ezbaian dago, berak eginiko barne ikerketan bildutako dokumentazio osoa lehen minutuan fiskalaren eta epailearen esku utzi beharrean, hainbat grabazio eta agiri gorde zituelako eta ez zituelako epaitegira bidali, epaileak berak espresuki eskatu arte».

Hori dela eta, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Duguko legebiltzarkideek esan dutenez, «lasai asko uler daiteke Osasun Saila, ikerketa bultzatzen lagundu ordez, oztopatzen saiatu dela».

«Lan eskaintza publikoan gertaturiko irregulartasunak epaitegian daudenetik argitaratu den informazioa ezagututa, agerikoa da Osasun Sailak ez diola Justiziari behar bezala lagundu oposizioetan jazo dena argitzeko eta horretan egon daitezkeen ardurak, politikoak barne, zehazteko. Murgaren departamenduaren borondate falta argia da», erantsi dute Rebeka Uberak eta Cristina Macazagak.

Duela astebete Legebiltzarrean egin zen kontrolerako osoko bilkuran Lan Eskaintza Publikoaren aferaz ere hitz egin zen eta orduan egin zituen Murga sailburuak filtrazioari buruzko lehen adierazpen publikoak. Nabarmendu zuenez, berak ez zekien ezer eta, gainera, «ezkutatzekorik ez» daukala azpimarratu zuen.