Asier AIESTARAN
Eskubaloia

Bera Berak eta Zuazok derbi batekin hasiko dute Liga

Donostian jokatuko dute elkarren aurka aurreneko jardunaldiko neurketa.

Atzo goizean egin zen Espainiako Eskubaloi Federazioaren egoitzan emakumezkoen Ohorezko Mailako datorren denboraldiko egutegiaren zozketa, eta emaitza kuriosoa izan zen parte hartuko duten bi euskal taldeentzat: Super Amara Bera Bera eta Hotel Gran Bilbao Prosetecnisa Zuazo elkarren aurka jokatuz sartuko dira lehiaketan.

Izan ere, lehen jardunaldian derbia jokatuko dute Donostian, printzipioz Bidebietan, irailaren 7ko asteburuan. Itzulerako derbia, beraz, bigarren itzuliko lehen partida izango da bientzat, hamabigarren jardunaldian, otsaileko lehen asteburuan.

Hain zuzen ere, horixe da datorren denboraldiko aldaketa nabarmenena: Liga hamalau talde izatetik hamabi izatera pasako da, eta guztira 22 jardunaldi bakarrik izango ditu.

Talde bakoitzak helburu desberdinak dituenez, egutegian gorriz egun desberdinak margotuko ditu. Bera Beraren kasuan, esaterako, Rocasa eta Guardesen aurkako neurketak bereziki garrantzitsuak izango dira, eta biak denboraldi amaieran iritsiko zaizkio. Kanaria uharteetara abenduko azken asteburuan bidaiatu beharko du eta itzulerako partida maiatzaren 9ko asteburuan jokatuko da. A Guardara, berriz, urtarril amaieran bidaiatuko du talde donostiarrak eta galiziarrek azken jardunaldian bisitatuko dute Bidebieta.

Liga maiatzaren 23ko asteburuan amaituko da eta Zuazok etxetik kanpora jokatuko du azken dema, Porriñoren pistan.