Nagore BELASTEGI

Tximeleta bat hegan doa Europan zehar

Occhi Di Farfalla talde zarauztarrak hirugarren diskoa du besapean, eta irailean Euskal Herrian aurkeztuko badu ere, orain Europako hainbat herrialdetan dabil kantu berriak zabaltzen. 2013tik bi urtean behin bira egiten dute Europan, jasotako babesa itzultzeko. Oraingoan Estatu frantsesean, Txekian, Alemanian eta Suitzan izango dira hilaren 20ra arte.

Occhi Di Farfalla talde zarauztarrak Europan barrena bira hasi du. Italieraz asmatutako izenak “tximeletaren begiak” esan nahi du, eta tximeletak bezala eraman dituzte taldekideek euren doinuak Estatu frantsesera, Alemaniara, Txekiara eta Suitzara.

2013an egin zuten Europako lehen bira, akustikoan, Hodei Estebanek eta Miren Arangurenek osatzen zuten bikote akustikoan. «Oso pozik bueltatu ginen. Inork ez gintuen ezagutzen eta, hala ere, lortzen genuen kontzertuetan jendea biltzea», argitu digu Arangurenek.

Babes hori handituz joan da urte hauetan eta bi urtetik behin halako beste bira bat egiten saiatzen dira, jada ezagutzen dituzten hiriei beste bisita bat eginez, eta leku berrietan ere aurkeztuz. 2015eko birara jada laukote gisa joan ziren, Jokin Azpiazu baxuan eta Bati baterian zutela. Formula bera errepikatu zuten 2017an, Batiren lekuan Ibon Guerra zutela. Oraingoan ere, laukote elektrikoan ari dira kontzertuak eskaintzen, “Destino epikoak” hirugarren lana aurkezten.

«Aurtengoa, gainera, berezia da, gure laguna den Craig Bjerring-ek (Old Seed) parte hartuko duelako. Askotan antolatu izan dizkiogu birak Euskal Herrian, eta oraingo honetan gurekin etorriko da», kontatu du musikariak.

«Lehenengo aldian Putzuzulo Zarauzko gaztetxean jotzeko deitu zion Hodeik, eta bertan ezagutu zuten elkar. Kontzertu batzuk egin zituzten elkarrekin eta ordutik lagunak egin ziren. Harrezkero ia urtero Euskal Herrian bira bat antolatzen diogu gure kontaktuei tiraka», esan du. Bjerringek, gainera, ekoizpen lanak egin ditu “Destino epikoak” diskoan. «Momentuz bira hau egingo dugu elkarrekin, baina hemen dena egiten dugu pausoz pauso, hurrengoa zein den jakin gabe, eta auskalo, segur aski izango ditugu beste aukera batzuk».

Irailetik aurrera gurera ekarriko dute aurkezpen bira. Oraindik ez dute egutegia itxita, baina Bilbon, Zarauzko Putzuzulon eta Errenterian izango direla aurreratu digute, baita Zaragoza, Bartzelona, Madril eta Palma estatu espainoleko hirietan ere. «Beste proiektu askotan gabiltza eta ezin dugu edozein momentutan jo, baina behintzat aurkezpen bira hau egin nahi dugu», argitu du Arangurenek.

Laukotean sortua

Bikote akustiko izatetik laukote elektrikora pasatzeko bidea naturaltasunez ikusten dute. Lagun artean sortu zen ideia izan zen, ordura arte egindako kantak beste modu batera entzuteko gogoa zutelako. Proba egin eta gustatu egin zitzaien.

«Zuku gehiago ateratzeko norabide bat zen, eta hortik tiraka jarraitu dugu. Formatu horretatik abiatutako kantak sortzeko gogoa genuen, eta hori da azken diskoan egin duguna», aipatu du Arangurenek. Oraingoan kantak entsegu lokalean sortu dituzte, laukotean.

Rock doinuak dira nagusi “Destino epikoak” lanean biltzen diren hamaika kantetan, baina bestelako eraginak badituztela nabari da. «Gaur egun zaila da egiten duzun musika deskribatzea ez bada oso zehatza; guk rocka egiten dugu, baina baditugu punk ukituak, elektronika zeharka ukitzen dugu, rap erritmoak ere sartu ditugu, baina badu popetik hainbat argi izpi. Nahiz eta guretzat kanta guztiek izan koherentzia bat, bakoitzak du bere identitate propioa, ez gara mugatu zerbait zehatza sortzera. Ezaugarri bezala, intentsitatearekin jolastea gustatzen zaigu. Kantu batzuetan oso suabe hasita ere, oso intentso bukatzeko. Bestetik, doinu ilunak nagusi dira», azaldu du.

Jorratzen dituzten gaiak sakonak dira; feminismoa, errepresioa, tortura... «Taldea osatzen dugun guztiok kritikoki konpromiso handiak ditugu, eta hori letretan igarri egiten da. Ez dugu denak berdin pentsatzen, inondik inora, baina badugu zer esan. Norberagandik iraultza hastearen ideia horretatik, feminismoak aldarrikatzen duen ‘pertsonala politikoa da’ horretatik ere badu. Antzematen da gaztetxeekin eta LGTB mugimenduekin badugula lotura», kontatu du.