Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

CT zirkuitua Hegoafrikan: Inflexio puntua goi mailako munduko itzulian

John John Florencek, CT rankingeko buruak, lesio baten erruz denboraldia utzi behar izan du. Horrekaurreiskupen guztiak aldatu ditu. QS rankingean aldaketa esanguratsuak, Ballito Pro lehiaketaren ostean.

Gauza garrantzitsuak gertatu dira azken egunotan goi mailako lehiaketan. Batetik, aurtengo munduko WSL titulua eskuratzeko aukera gehien zuen John John Florence hawaiiarrak lehiaketa utzi behar izan du Brasilen izan zen azken txapelketan orkatilan egin zuen lesio bategatik. Bestetik, bigarren mailako lehen txapelketa garrantzitsua izan zen joan den astean Hegoafrikan, eta QS rankingean aldaketa esanguratsuak izan dira.

Bien bitartean, egunotan Jeffreys Bayn lehiatzen ari dira CT itzuliko surflariak, eta nesken zein mutilen kategorian, aurrerantzean zirkuituek hartuko duten norabidea zehaztu dezakeen txapelketa izan daiteke egunotan Hegoafrikako eskuin olatu miragarrian egiten ari direna.

Deivid Silva

Joan den astean Willard Beachen amaitu zen Ballito Pro; 10.000 puntuko QS lehiaketa irabazi ostean, 126 postu gorago jarri zen rankingean Deivid Silva brasildarrak eta egun QS rankingeko 4. postuan da. Bigarren geratu zen Jack Freestone australiarrak, ostera, 340 postu egin zuen gora, eta egun 14. postuan dago.

Horrez gain, Silva eta Freestone Top 32an daude, 18. postuan brasildarra eta 23.ean australiarra. Horrek erakusten du, Ballito Pro bezalako lehiaketa batek, lehen mailan lehiatzen aritu arren, QS rankingean puntuak eskuratzeko duen garrantzia. Izan ere, urte amaieran, CT itzulian behar adina puntu eskuratu ez badituzte, QS rankingean eskuratutako postuari esker lehen Top 32an jarrai dezakete.

Balliton ez ziren olatu ikusgarriak izan. Metro eta erdiko olatuak zeuden, baina maila oso altua izan zen, esan bezala, urtea hasi denetik QS mailan puntu gehien eskaintzen zituen txapelketa zelako.

Guztira QS mailako 63 txapelketa izango dira aurtengo denboraldian, eta Ballitokoa 33.a izan zen. Soilik 10.000 puntuko bost txapelketa izango dira aurten (Ballito, Huntington, Ericeira, Haleiwa eta Sunset), eta QS rankingean Ballitoko lehiaketaren ostean ikusi ahal izan den moduan, lehiaketa hauek eragin handia dute.

Adibide gisa, oso adierazgarria da nesken kategoriako Ballitoko txapelketan lehen postuak eskuratu zituzten lehiakideek rankingean izan duten eragin txikia. Izan ere, 1.000 puntu bakarrik eskaintzen zituen nesken Ballitoko lehiaketak. Horrela, Sarah Baum hegoafrikarrak txapela eskuratu arren, postu gutxi batzuk gorago jarri zen, eta egun oraindik 39. postuan da.

Jeffreys Bayren ostean

Egunotan Jeffreys Bayko eskuin olatu mitikoan dira lehen mailako lehiakideak. Mutilen kategorian laugarren errondan dira; hau da, hamasei surflari oraindik lehian ari dira. Mutilen rankingeko lehen hamar postuetan dauden lehiakideetatik Julian Wilson izan da orain arteko kaleratu bakarra; beraz, ez dirudi Jeffreys Bayko txapelketaren ostean lehen postuetan aldaketa handirik izango denik. Aitzitik, John John Florencen hutsunearekin, gauzak asko aldatuko dira aurrerantzean.

Nesken kategorian ere lehia gogorra dute lehen postuetan diren lehiakideek. Atzo egin zituzten hirugarren errondako txandak eta dagoeneko final-laurdenetan dira. Mutilen kategorian bezala, neskenean ere, oraindik lehian jarraitzen duten zortzi lehiakideetatik zazpi WCT rankingeko lehen zortzi postuetan daude.

Ondorioz, mutilen zein nesken kasuan, Jeffreys Bayko txapelketaren ostean ez da aldaketa handirik espero rankingetako lehen postuetan, baina lidergoa alda daiteke. Mutilen kasuan ikusteko dago John John Florencek betetzen zuen postua nork hartuko duen, eta nesken kategorian, berriz, Sally Fitzgibbons, Carissa Moore edo Stephanie Gilmore izan daitezke likra horia eskura dezaketenak.

CT itzuliko 6. txapelketa aste honetan amaituko da, eta aurtengo zirkuituan inflexio puntu bat izan daiteke.