GARA
LOIU

Aenak ezarritako zerbitzu minimoen gaineko epaia gaur jakingo da

Loiuko aireportuko langileek bigarren greba eguna egin zuten igandean eta Aenako zuzendaritzak ezarritako zerbitzu minimoek «grebarako eskubidea urratzen» dutela ohartarazi zuten sindikatuek. CCOO, ELA, LAB eta USOk salaketa jarri zuten eta gaur jakingo da epaia.

CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek iragarritako greba eguna zuten igandean Loiuko aireportuko langileek. Egun osoko greba jardunaldia zen eta, hilaren 7koa bertan behera utzi zutela kontuan hartuta, egutegiko bigarren protesta izan zen.

Aireportuak, aldiz, normaltasun osoz funtzionatu zuen. Hegaldi guztiak atera ziren Loiutik, ez zen bat bera ere bertan behera geratu eta sindikatuek ziurtatu zuten grebaren jarraipena erabatekoa izan zela; %100eko babesa izan zuen, alegia.

Horiek horrela, langileen ordezkariek ez zuten birritan pentsatu eta Aenako zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi eta salaketa jarri zuten, beraien iritziz «grebarako eskubidea» urratzen baitzuten ezarritako gutxieneko zerbitzuek.

Atzo izan zuten epaiketa eta LABeko ordezkariak GARAri esan zionez, gaur emango dute epaia. Epaiketan, «greba egiteko eskubidea urratu» zela azpimarratu zuten sindikatuek. Aenaren zuzendaritzaren aldetik enpresako zerbitzu juridikoko arduradunak eta aireportuko zuzendariak deklaratu zuten.

Epaiketarekin gustura zegoen LABeko kidea. Gaineratu zuen berriro negoziaziorako espazioa ireki dutela eta aurrekoa baino luzeagoa izatea espero dutela. Sindikatuak eta Aenako zuzendaritza atzo elkartu ziren berriro, 17:00etan, epaiketa bukatu eta minutu gutxira.

Patronalaren proposamena

Patronalak mugimendu berri hori egin zuela-eta erabaki zuten atzoko iragarrita zegoen sei orduko geldialdia ez egitea. «Proposamen berria ere ez dugu ontzat ematen, baina zerbait mugitu denez, itxaropena dugu negoziazioan», aitortu zuen langileen ordezkariak. Beharginen aldarrikapen nagusia lantaldea handitzea da.

Negoziazio berriaren zain, oraingoz mantenduko duten greba egutegia errespetatuz gero, iganderako ere greba eguna iragarrita dago, baita hilaren 25, 28 eta 31rako. Abuzturako beste sei greba egun deitu dituzte eta, oraingoz, irailaren 1ekoa da protesten azken eguna.