Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Bi sexu erasoren berri emanda itxi dute sanferminetako balantzea

Enrique Maya Iruñeko alkateak sanferminetan bigarren sexu eraso bat erregistratu dela jakinarazi zuen jaien balorazioa egiteko eman zuen prentsaurrekoan; zehazki, hilaren 12an. Horrekin lotuta, emakume batek hilaren 6an jasandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratze jendetsu eta zaratatsua egin zen igandean, Gazteluko plazan.

Bigarren erasoa uztailaren 12an erregistratu zela adierazi zuen Enrique Mayak. Esan zuenez, atzo arte ez zen publikoki ezagutarazi, oraindik ikertu eta kalifikazio penala eman behar zaiolako.

Bestetik, uztailaren 6an gertatutako eraso sexista gaitzesteko jendetza elkartu zen igandean Gazteluko plazan, Gora Iruñea plataformak eta Indarkeria Sexistaren kontrako Emakumeen Plataformak deituta. Peñetako ordezkariak ere bertan izan ziren, arduradun politiko ugarirekin batera.

Ustezko bi sexu eraso horiez gain, intentsitate baxuko erasoengatik beste hamar salaketa izan dira eta guztira bost pertsona atxilotu dituzte. Horren harira, 14.375 lagunek jo zuten Gazteluko plazako eraso sexistei buruzko argibide-gunera informazio bila eta bertan 31 gertaera jaso zituzten. Behin aktibatu zen lagun-egite zerbitzuaren protokoloa.

Nolanahi ere, Mayak sanferminen balantze positiboa egin zuen, «modu egokian igaro direnak», eta segurtasun indarren lana eskertu zuen. Alkatearen iritziz, eraso sexisten salaketek ezin dituzte festak lausotu, eta «‘La Manadaren’ kolpeak» min egin zuela nabarmendu zuen, baina gauzatzen ari den lanari esker festak «normaltasunera» bueltatzen ari direla gaineratu zuen.

Izan ere, 1,3 milioi lagun baino gehiago izan dira sanferminetan programatutako 495 ekitaldietan. Datu horren arabera, iazko sanferminei dagokienez, parte-hartzea %11 jaitsi da. Bestalde, udalak ekitaldi guztiak normaltasunez gauzatu direla baieztatu zuen, salbu uztailaren 8ko arratsaldean programatutakoak, euria zela-eta bertan behera geratu baitziren ekitaldi guztiak, Compañia plazako eta Gurutzeko plazako kontzertuak izan ezik.

Gainera, nabarmentzekoak dira Birjolastun eta Kirol Ari-n parte hartu zuten 65.000 eta 9.000 lagunak, baita erraldoi eta buruhandien konpartsarekin ibili ziren 190.000 lagunak. Haurrentzako entzierroetara ere 6.400 pertsona gerturatu ziren. Su artifizialek, berriz, 382.000 ikusle izan zituzten.

Entzierroei dagokienez, berriz, 13.800 korrikalarik parte hartu dute zortzi entzierroetan, iaz baino %2 gutxiagok. Zortzi izan dira zezenen adarkadak jaso dituzten lasterkariak ere, eta, horrez gain, beste 35 korrikalari ere eraman zituzten osasun zentroetara erorikoen, zapaltzeen zein bestelakoen ondorioz.

Iruñeko alkatea pozik agertu zen saltzaile ibiltarien aurkako esku-hartze polizialarekin, «lehen kale batzuk zapaltzerik ez» zegoela nabarmenduz. Horren harira, konfiskazioak %25 gehiago izan direla azaldu zuen. Garbiketa zerbitzuen inguruan ere balorazio positiboa egin zuen, Iruñea esparru horretan eredu dela azpimarratuz.

Zorrotz ikurrinarekin

Mayak bere helburua «legea betetzea» dela adierazi zuen, bai txupinazoan bai prozesioan. Horregatik, bere hitzetan, ez ditu onartuko zinegotziek Curia kalean «sufritutako irainak eta erasoak» eta helburu hori lortzeko epaileak eta poliziak erabiliko dituela iragarri zuen. Ildo horretan, guztia «grabatuta» dagoela gogorarazi zuen. Txupinazoko ikurrinaren inguruan, Mayak «beste autonomia erkidego baten bandera» dela esan zuen, «Nafarroako sentimendu euskalduna ordezkatzen ez duena». Jakinarazi zuenez, hiru udaltzainek salaketa jarri dute txupinazoan gertatu zenagatik. Batek hozka egin ziotela salatu du eta beste biek, berriz, kontusioak izan zituztela.

Amaiera emateko, Billabesaren entzierro jendetsu eta garbia

“Gaixoa ni” abestuz eman zieten amaiera sanferminei. Hala ere, beti daude festak luzatzeko aitzakia paregabeak. Duela 34 urte, Santo Domingo aldapan gora zihoan autobusak ohiko zezenak ordezkatuz, haren aurretik lasterraldia egitea otu zitzaion iruindar gazte talde bati. Egun, autobusak ez du bide hori egiten egoera arriskutsuak saihesteko, baina horiz jantzitako txirrindulari batek, Indurainen tankeran, hartu zuen autobusaren lekua. Atzo, 300 bat lagunek parte hartu zuten bederatzigarren entzierroan, Udaltzaingoaren kalkuluen arabera.

Goizeko zortziak aldera eta San Fermin partikularrari “kantikoak” eskaini eta gero, korrikalariek “Indurain” inguratu zuten entzierroaren ibilbidea egiteko asmoz. 7tik 14ra bitartean egiten diren entzierroen tentsiorik gabe, entzierro honetan barre-algarak, bromak eta abestiak gailendu ziren korrikalari ausarten artean.

Polizia-indarrak gogor oldartu izan dira billabesaren entzierroa ekiditeko eta oztopatzeko ahaleginean. Aurten, ostera, ez da istilurik gertatu zezen-plazako inguruetan. I. A.