16/07/2019

«Mingaina dantzan» dinamikaren bigarren fasea hasi dute ohiko udalekuetan

Zarautz, Hondarribi, Orio eta Segurako udalekuetan haur eta gazteen artean euskara sustatzeko proiektuaren bigarren fasea abiatu dute. 2017ko eta 2018ko udan garatutako estrategiak izan dituzte oinarri.

GARA|DONOSTIA
0716_eh_mingaina

“Mingaina dantzan” proiektuaren fase berria aurkeztu zuten atzo Lakuako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haur eta gazteen artean euskara sustatzeko dinamika berria da eta 2017ko eta 2018ko udan erabilera sustatzeko garatutako estrategia eraginkorrak izan dituzte oinarri. Orain, Gipuzkoako Aldundiaren lankidetza baliatuz, ikasitakoa aplikatzen ari dira Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Segurako udalekuetan.

Ikerketa soziolinguistikoan oinarritutako proiektu honen bitartez, azken bi urteetan euskara bultzatzeko estrategien eraginkortasuna aztertu da haur eta gazteen udalekuetan, ondorio eta irakaspen zehatzak ateraz. Mundakan eta Berrizen antolatutako udalekuak izan ziren aitzindari, eta gazteen eremu soziolinguistikoak kontuan hartu ziren taldea osatzeko garaian. Iaz, etxeko hizkuntza oinarri hartutako taldea ere sortu zen.

Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek ohartarazi zuen aurreko udalekuetako esperientziak «egoera baldintzatuetan» garatu zirela, taldeak nahita osatuak izan baitziren, eta beraz, ezinezko iruditzen zaio EAEko udaleku gehienak irizpide horiek kontuan hartuta antolatzea.

Horregatik, hain zuzen, Zarautz, Hondarribi, Orio eta Segurako ohiko udalekuetan estrategiak txertatzeko «ahalegin berezia» egin da. Bestalde, Zarautzen bertan, Ebete hizkuntza zerbitzuen aholkularitzaren bitartez lanketa berezia egiten ari da. Udaleku guztietako arduradun eta hezitzaileekin lan saioak egin dira estrategiak eta prozedurak lantzeko.

Udaleku hauek astebeteko txandetan antolatzen direla-eta, 2017 eta 2018an Mundakan eta Berrizen ikasitakoa txertatzeak «lan mardula» eskatzen duela eta zailtasunak aurkitzen dituztela nabarmendu zuen Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek: «Laburregiak dira hizkuntza ohituretan eragiteko».

Dena den, Ebete enpresako arduradunak uste du «emaitza interesgarriak» lortuko direla. Bi helburu zehaztu dituzte: euskararen erabilera indartzea –«ohi baino gehiago erabili duten sentsazioa eduki dezaten nahi genuke»– eta euskara bizipen positiboekin lotzea.

%75eko erabilera

Dinamika honen baitan, propio antolatutako udalekuetan gazte gehienek ohi baino gehiago hitz egin zuten euskaraz. 2017an Mundakan, esaterako, Gasteiz, Barakaldo, Azpeiti, Oiartzun, Zumaia eta Gernikako haur eta gazteak elkartu ziren. Gaztelania nagusi den eremuetako gazteek adierazi zuten inoiz baino gehiago aritu zirela euskaraz egun horietan. %75ekoa izan zen erabilera.

Esperientzia guztiak eta aurtengo udalekuetan txertatu diren estrategiak gida batean jasoko dituzte. Liburuxka hori edozeinen esku jarriko da eta ahalegin berezi bat egingo da udalekuak antolatzen dituzten erakunde eta elkarte guztiek ezagutu eta erabil dezaten.

«LAN MARDULA»


«Mingaina dantzan» dinamika garatzeko propio antolaturiko udalekuetako irizpideak ohiko udalekuetan txertatzeak «lan mardula» eskatzen duela onartu zuen Gipuzkoako Aldundiak.