Iurre BIDEGAIN
HENDAIA

Borrokaren eta negoziazioen ondotik, gaztetxea lortu dute Hendaian

Hendaiako Herriko Etxeak eta Hendaitz elkarteko gazteek hitzarmena sinatu dute: Caneta auzoko lokal bat gaztetxe bihurtzen utziko die Udalak, bi urtez bederen. Egoitza berrian animazioak eskaintzeko prestatzen ari dira jada gazteak.

Sinatzaileek «denak irabazle egiten gaituen operazio» gisa aurkeztu dute lortutako akordioa. Bi aldeen arteko negoziazioen emaitza izan da, eta harreman horiek gazteak Orio auzoan sortu zuten Sasiko gaztetxetik kanporatuak izan zirenean hasi ziren. Astelehenean sinatutako hitzarmenari esker erdigunean dagoen Askatasunaren karrikako 16. zenbakian kokatuko da elkargune berria.

2018ko otsailaren hastapenean Sasiko gaztetxetik kanporatuak izan eta gero, kaserna zaharra okupatzea deliberatu zuten Hendaitzeko gazteek. Ekintzaren egunean berean Kotte Ecenarro auzapezak 18 hilabeteko epean egoitza berri bat utziko ziela hitzeman zien. Hortaz, alkateak bere hitza bete du.

Negoziazioen ondoren lortu den egoitza herriko dispentsario gisa ezagutzen zen osasun-pedagogia zentroa da. Egoitza berriko gaztetxe honek oraindik ez dauka izenik.