Ariane KAMIO

Mitoaren iseka

Joseba Sarrionandia mugimenduan agertu da publikoki. Azken hogeita hamalau urteetan lehen aldiz bideo bidez adierazpenak egin ditu jendaurrean, Ray Fernandez trobalari kubatarraren kantuen bilduma aurkeztuz –Sarrionandiarena da hitzaurrea–, Habanatik bidalitako mezu laburrean. Hiriburuko teilatuen artean beste bat gehiago delako berea aspaldion, lurreratze prozesuan antzeman daitekeen mitoaren beste iseka ezti bat.

Nekez itzultzen dira mitoak. Edo nekez joaten dira, hargatik direlako mito, desagerrezin, ezabaezin. Baina nekez itzultzen dira mitoak. Nekez itzultzen dira hitzez, ahotsez eta gorputzez. Mitoari dagokio harresitutako eremuan mantentzea, laudatutako aldarean paratzea, eta handik ez mugitzea. Mugitzearen gurariak jota ere, mitifikatu dutenek ez bailiokete hesiari irekidurarik baimenduko. Arrakalak lirateke, arrakala zoroak, desengainuzkoak. Mito baten desagertzea.

1985ean, San Fermin egunez egin zuen ihes. Imanol Larzabalen kontzertu baten ondotik, bafleetan, agian mitoaren harresi natural bihurtu diren bozgorailu anplifikatu haietan. Iñaki Pikabearekin hasi zuen bidaia. Ordutik, ia notiziarik ez, itsasoak irentsitako izen auhen bat bainoagorik ez bederen. Noizean behineko argitalpenak, gogoangarritutako poemak. Presoen amak.

Harriz harri eraikitako otoitz leku batek nola sostengatzen duen memoria, halaxe biziraun du Joseba Sarrionandiak herri kolektibotasun baten baitan. “Sarri, Sarri” Kortaturekin ahoratuz; bere ondasun guztiak partekatuz, bestela.

Mitoak nekez bizirik itzultzen diren bezalatsu gertatzen da mitoak berak bere izaera itsatsia ufadaka urrunaraztea. Aldarearen harriz harriko desegitea autorizatzea, lurtaratzea, itzultzea. Mitoaren iseka. Burla eztia. Jainkotuaren askapen prozesua.

Habana

Habana vox populi zen. Eta pelegrinazio itu. Euskal destino bat. Turistikoa bainoago politikoa. Politikoa bainoago sentimenduen lerro berberean eraikitako autobide kolektiboa.

2016. urtean egin zen iragarpena ofizialki. Joseba Sarrionandia izango zen Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean zuen irakurletzaren zuzendari. Eta gutxira, Habanatik bertatik igorriko zuen elkarrizketa Jose Goitiak. Elkarrizketa... eta argazkia. Izan ere, espetxe garaietan ateratako argazki bakan haiek izan baitira oraintsu arte aldarearen gaineko ikur eta ikono, tenpluetako gurutziltzatuen sinboloekin alderatu beharko balitzateke, bederen.

Mitoak iseka egin zuen orduan ere. Urteetan sartutako gizonezko buruzuria. Hura zen Greziako mitologiatik itzulia litzatekeenaren sentipena. Habana vox populi zen. Baina gehiengook ordura arte ez genuen ezagutzen.

Irudi geldian zein ahots grabazioz jarri da inoiz – oso gutxitan– aurrean duenari keinuka, literaturari eta gogoeta idatziari hasperen bat kenduz. Orain, Ray Fernandez du aitzakia, trobalagun, soslai dantzagarri eta kalekide satiro. “Canciones de Ray Fernandez: El que fuma, bebe y canta” liburuan hitzaurrea egin du, musikariaren letren bilduman, Aristides Hernandez Ares-en marrazkiak lagun. «Kubako gaur eguneko bizimoduaren kronika oso ona da», esaten ageri da, bideoz, gaineztatutako teilatuen aurrean, Habanako trafikoaren hotsa ere entzuten dela. Labur, baina mugimenduan egin du berriro iseka. Lehenengoz. Agian hori baita bizitzari zorua jartzeko era bakanetako bat, mitoak biziberritzeko eskubidea duela aldarrikatzeko modua, konturatzeko ere, azkenean hark ere ez duela haririk.