GARA
KYOTO

Dozenaka hildako Japoniako estudio batean propio eragindako sutean

Kyoto Animation estudioei su eman zien atzo gizon batek eta propio eragindako suteak 33 hildako eta dozenaka zauritu utzi zituen. Hiru solairuko eraikina erabat suntsituta utzi zuen suak. Erasotzaileak «hil egingo zarete» esan zuen likido sukoi bat isurtzen zuen bitartean.

Kyoto hirian dauden estudioetan tragedia larri bat gertatu zen atzo. Berehala atxilotu zuten gizonezko batek likido sukoi bat isuri zuen hiru solairuko eraikinean –gasolina, iturri batzuen arabera–, eta instalazioak erabat suntsituta geratu ziren.

Kyotoko Poliziako eledunek NHK telebista kateari baieztatu zioten 33 pertsona hil zirela sutean. Beraz, azken hamarkadotan Japonian izan den suterik larriena izan da atzokoa.

Suhiltzaileen ordezkari batek Efe agentziari jakinarazi zionez, makina bat pertsona zaurituta eraman behar izan zituzten, horietako batzuk oso larri. Erasoa hasi zen momentuan, 70en bat lagun zeuden bertan, eraikinaren barruan.

Egilearen arrazoiak argitu nahian atzo plazaratu ziren hipotesien arabera, estudioek erasotzaileak asmatutako ideiaren bat kopiatu zuten bere garaian eta gorrotoa pilatzen joan zitzaion, atzo tragedia eragitea erabaki zuen arte.

Lekuko batek esan zuen erasotzaileari berari besoak eta oinak erre zitzaizkiola, eta lurrean etzanda Poliziaren esku zegoela, estudioek zerbait kopiatu egin ziotela esaten zuela etengabe; eta horregatik erabaki zuela modu horretan jardutea. Poliziak ez du eman gizon horren izenik, adina besterik ez: 41 urte. Sabelaldean tatuaje bat omen dauka. Bertsio horrek eransten du egileak erruduna dela aitortu diela ikerlariei.

Estudioen jabetza duen konpainiak ere baieztatu zuen azken bi urteotan mehatxuak jaso zituela, arduradun jakin batzuei zuzenduta. Gaia abokatuen eskuetan uztea erabaki zuten.

Goizeko 10.30ean hasi zen erasoa. Suhiltzaileek bost ordu egin behar izan zituzten lanean, sua erabat itzaltzeko. Telebistak eskaini zituen irudietan ikus zitekeen garrak leihoetatik nola ateratzen ziren, gainerakoan kea nagusi zen bitartean. Teilatutik ere ke asko ateratzen zen.

NHK kateak emandako informazioaren arabera, eraikinetik 500 metrora dagoen gasolindegi bateko langile batek 40 litro gasolina saldu zizkion gizon bati eta bi bidoitan eraman zuen erregaia. Eroslea eta erasotzailea pertsona bera ote ziren ikertzen ari dira.

Kyoto Animation konpainiak 160 langile ditu. 1981ean sortu zuten eta pelikulak eta telebistarako animazioak egiten dituzte. Arrakasta handia izan duten “K-ON” eta “Haruhi Suzumiyaren tristura” serieak konpainiak egindakoak dira.