GARA
BILBO

Laboral Kutxak %2,5eko hazkunde tasa aurreikusten du

Ekonomiaren bilakaera positiboa izaten ari dela nabarmendu zuen Laboral Kutxak 2018. urteko ekonomia txostena aurkezteko prentsaurrekoan. Dezelerazio eta desinflazioaren «hirugarren olatua» aurreikusten dituen arren, hazkundeak jarraipena izango duela ziurtatu zuen. Txinaren eta AEBen merkataritza akordioari funtsezkoa deritzo.

Laboral Kutxak bere Ikerketa Zerbitzuak prestatu duen 2018ko Euskal Ekonomia Txostena aurkeztu zuen atzo, Bilbon eta Iruñean egindako prentsa agerraldietan. Finantza entitateak nabarmendu zuen ondorio nagusia da munduko ekonomiaren bilakaera positiboa izan zela 2018an, %3,5eko hazkuntza eduki baitzuen.

Mundu mailara begiratu aurretik, baina, ekonomiak Hego Euskal Herrian izan duen bilakaera aztertzea funtsezkoa da. Beraz, lehenik eta behin bertako ekonomiaren etorkizun hurbilari buruzko ondorioei erreparatuz, Laboral Kutxak aurreikusten du 2019an %2,5eko hazkunde tasa izango dela Hegoaldeko euskal herrialdeetan. «Estres testuingururik ezean, 2020an %2ko igoera espero da».

Datu positibo hauen aurrean, entitateak ohartarazi du zorpetze publikoak oso handia izaten jarraitzen duela, nahiz eta 2019an %3tik beherakoa izan.

Atzo aurkezturiko txostenak EAEren eta Nafarroaren 2018ko bilakaera du oinarri, eta bertan nabarmentzen da barne produktu gordinaren hazkunde tasa antzerakoak izan zituztela iazko urtean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %2,8ko igoera erregistratu zen iaz, eta Nafarroaren kasuan ehunekoa apur bat handiagoa izan zen (%3,2).

Lan merkatuaren bilakaeraren kasuan, aldiz, EAEko herrialdeek hazkunde handiagoa izan zuten: enpleguak %2,1 egin zuen gora; Nafarroan, aldiz, %1,2ko hazkundea izan zuen.

Langabezia tasari dagokionez, EAEn eta Nafarroan ehuneko berbera (%10) erregistratu zela azpimarratzen du txostenak, eta 2017ko datuekin alderatuz %1,3 jaitsi dela ere bai. Estatu espainolekoari so eginez gero, portzentaje hori are positiboagoa da; hain zuzen, Laboral Kutxak Estatuko langabezia tasa oraindik ere altua dela (%15,3) balioetsi du. Hego Euskal Herrian, ordea, poliki-poliki, ohikoak diren balioetara hurbiltzen ari dela adierazi zuen finantza entitate euskaldunak.

Datuak sektoreka aztertuz gero, eskaintzaren ikuspegitik arlo guztiek balio erantsi gordinaren hazkunde erregistro positiboak izan dituzte lau herrialdeetan.

Dezelerazio eta desinflazioa izango dira datozen urteetako protagonistak, eta normaltzat har daitekeen arren, Txinaren eta AEBen arteko arrazoi politikoek ziurgabetasuna areagotzen dutela ohartarazi du Laboral Kutxak. Horregatik, funtsezkotzat jo du bi herrialde hauek merkataritza akordioa adostea.