Rebeka Ubera
EH Bilduko legebiltzarkidea
KOLABORAZIOA

«Hablemos en cristiano»-ren aroa

San Fermin bezperan, EAEn pentsamolde jakin bat eraikitzen eta zabaltzen nagusi den komunikabide baten titularrak honela zioen: “El Gobierno vasco pide el uso del castellano en las mezquitas para controlar la radicalización”. Eta azpititularrak: “La iniciativa, que arrancará en tres templos, busca también una mejor integración del colectivo musulmán en la sociedad vasca”. Titularrari darion kultura, hizkuntza eta erlijio zehatz baten kriminalizaziotik harago, gure hizkuntza eta herriarekiko ikusezintasuna eta ukazioa agerikoak dira. Non bilatu nahi du inklusioa Jaurlaritzak? Espainiar gizartean? Ala Euskal Herrian? Edo EAEko gizartean behintzat? Urkulluren gobernuak, Euskaraldiaren abanderatuak, bizikidetza eta inklusioa euskararik gabe ulertzen al ditu?

Baina nola uler daiteke guzti hori Euskaraldiaren bigarren saiakerari ekin nahi zaionean eta ebidentzia guztiek, ezagutzak zein denborak erakutsi dutenean gure herrian egiazko inklusioa eta kohesioa kultura, hizkuntza eta pentsaera guztien aitortzatik euskara ardatz izanda egiten denean gauzatzen dela. Zer da Jaurlaritzak ulertu nahi ez duena? Zein da egiazki helburua? Munduko beste edozein hizkuntzatatik euskarara jauzi egiteko gaztelaniatik pasa beharra dagoen ideia zabaltzen ari da, euskaraz alfabetatzeko hori derrigorrezko bidea, bakarra, balitz bezala. Eta ez da horrela, inola ere ez. Bilbotik haragoko Euskal Herrian, eta ez soilik UEMAko herrietan, ohikoa izaten da jatorri ezberdinetako gazteak euren artean euskaraz mintzatzen entzutea. Jaurlaritzak, ordea, kontrakoa sustatzen du, ulertarazten baitu lehendabizi gaztelaniaz –«kristaueraz»– ikasten dutenek ez dutela zertan euskara ikasi gure herrian bizitzeko.

Hala, euskara bazterturik geratzen da Giza Eskubide eta Bizikidetza Zuzendaritzak prestatzen dituen harrera protokoloetan. Gobernuan ez dago etorkinak euskaraz integratzeko estrategiarik, eta gauza jakina da uraren lurraldean ere basamortua zabalagoa dela ura txoko zein bizitzako eremu guztietara eramateko estrategiarik ez dagoenean.

Euskara mundu mailako sare globaletik at bizitzeko eta komunikatzeko molde berrietatik kanpo geratzeko arriskua begien bistakoa da, baina, hala ere, jarraituko dugu mezuak jasotzen erabilera ez-formalari buruz, eskolatik kanpoko eremuaren garrantziaz, belaunaldi berrietara iristeko estrategiez, hezkuntza sisteman euskara ardatz duen eleaniztasunaren teorizazioez. Eta bitartean, teorizazio horiek eguneroko praktikara eramateko ezinbestekoak diren ekosistema, praxia eta lege markoa eraikitzeke daude. Horren ordez, egunak joan eta egunak etorri, gure pentsaeraren eskultore izaten saiatzen diren komunikabideek ezartzen dute markoa, euskara bigarren mailakotzat jotzen duena, hain zuzen ere, artikulu honen hasieran aipatutakoa bezalako titularren bidez: euskara ez da garrantzitsua. Gutxiespena. Ez aitortzarik, ez eta errespeturik ere.

Euskarari ematen zaion tratamenduaz hitz egiten dugunean Nafarroa edo Madrilera begiratzeko joera izaten dugu, baina ez dakit EAEn bertan ere gertatzen ari denaz ohartzen ote garen. Edo akaso ez dugu ohartu nahi, itxurakeriaren aroan murgilduta, egiten dena esaten denaren kontrakoa den aroan. Hori da errealitatea, Jaurlaritza ez ezik, eragile guztiok ere jirabiran ari gara, estu-estu, gehiago edo gutxiago konplexuz beterik, ezarri diguten markoan edo guk geuk gure buruari jantzi diogun traje zurrun eta estuaren baitan. Eta hori bizikidetza deiturikoagatik? Konplexuengatik? Gure izanaren kontzientzia apurraz ere lotsatzen garelako? Bizikidetzak, hain maneiatua den hitz potoloak, norbera, gure hizkuntza, gure kultura aitortzetik eta errespetatzetik hasi beharko luke.