A. G.
ARRAUNA - EUSKO LABEL LIGA

Oriok etxeko estropadan ere eman nahi du bere nagusitasunaren berri

Oriok sendo darama Eusko Label Ligako buruzagitza, aurreneko zortzi estropaden ondoren. Mirotzek, 89 punturekin, hamar puntuko aldea dute Zierbenako «galipoekiko», eta hortik gorakoa gainerako aurkariekiko.

Bada, Ligari hain ederki ekin ostean, gaur arratsaldeko estropadari begira are eta motibazio handiagoa izango dute, etxean jokatuko baita: VII. Orioko Kanpina Bandera, alegia; etxean profeta izateko asmoz.

Gipuzkoako txapeldun atera berritan, «San Nikolas» esne mamitan dabil eta eskifaian aldaketak eginagatik, maila mantentzen ari da Jon Salsamendiren aginduetara.

Euskotren Ligari begira ere, Oriok badu zeresanik. «Txiki» traineruko neskek Gipuzkoako Txapelketa eraman zuten asteazkenean, eta hauek ere emakumeen txapelketarik nagusieneko liderrak zeozergatik direla erakutsi nahiko dute etxeko uretan. Dagoeneko 2019ko Euskotren Liga ia erdira iritsi da eta sailkapen nagusiko aldea ia modu erabakigarrian zabaltzea dute xede oriotarrek.

Pedreñan eta Sestaon hitzorduak

KAE1 Ligan berriz, XIV Marina de Cudeyo Bandera jokatuko da 18.30ean. Ikusi behar Zarauzko «Enbatak» Gipuzkoako txapelketako maila errepikatzen duen; KAE1 Ligan ez du parerik.

ETE Ligan, Sestaoko II. Bandera jokatuko da 11.00etan. Bertan Zumaiak eta Hibaikak beren buruz burukoaren beste atal bat osatzeko aukera izango dute.