21/07/2019

Potato eta The Limboos izango dira Glad Is The Day jaialdian

Abuztuaren 4ko Donostiako Glad Is The Day jaialdian, gazteak eta helduak erakartzeaz gain, familiak ere bertaratzea nahi dute. Horregatik, haurrentzat tailer eta jolasak izango dira egun osoan zehar. Jaialdiko izarrak 80ko hamarkadan jotzen hasi ziren Potato eta rock-and-roll eta rhythm-and-blues estiloak lantzen dituzten The Limboos izango dira.

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA
0719_kul_gladistheday

Donostiako Kristinaenea parkea musikaz beteko da abuztuaren 4ean, Glad Is The Day jaialdiaren bosgarren ekitaldia ospatuko baita bertan. 2016ko Donostiako kultur hiriburutzaren baitan sortu zen jaialdia, eta, arrakasta izan zuenez, ordutik urtero antolatzen jarraitu dute eragileek.

Donostia Kultura eta Kutxa Kultur erakundeen eta Dabadaba eta Le Bukowski Egia auzoko tabernen arteko lankidetzaren fruitua da egun bakarrean 4.000 lagun inguru bildu ohi dituen doako jaialdia. Aurten, orain arteko formulari jarraituz, bi agertoki, haurrentzako jolasak eta tailerrak, eta diseinatzaileen zein bigarren eskuko objektuen merkatu bat antolatuko dituzte.

Jon Insausti Donostiako kultura zinegotziak aurkezpenean azaldu zuenez, 12.00etan hasiko da festa eta 21.00ak arte etengabe izango dira ekitaldiak Kristinaenea parkean. Ordu horretatik aurrera, «Dabadabara eta Le Bukowskira joatea gomendatzen dizuet, eguna borobiltzeko», aipatu zuen.

Agertoki nagusia parkearen sarreran izango da. Bertan, honako rock talde hauen zuzenekoak egingo dira: Susmara eta Bloody Magic Nails, Donostia Kulturako Musikagela zerbitzuan parte hartzen ari direnak; Ipar Euskal Herritik helduko diren The Lookers; Potato Gasteizko talde historikoa; Miren Narbaizaren Mice proiektu berria; Grande Days, Kultxa Kulturren erresidentzia-programa bat egiten ari den taldea; rock psikodelikoa egiten duten Los Estanques; eta The Limboos.

“Ruina Sónica” izena eramango duen eta gaztelu zaharra dagoen lekuan jarriko duten agertoki txikian, berriz, musika urbanoa, elektronikoa eta DJak izango dira. Bertan Estatu espainoleko doinurik freskoenak entzuteko aukera izango da, baita Dabadaban astebururo aritzen diren DJekin gozatzekoa ere: Bellaca B2B Joven Mata DJs, Le Parody Live, Brava DJ, La Dani Live, Skyhxxk DJ, Chico Blanco Live, Alvva DJ eta Merca Bae DJ.

Dabadabako arduradun Alejandro Lopezek azaldu zuenez, «sandwich moduko bat» egin nahi izan dute egitarauan Potato eta The Limboos taldeekin. «Potato Gasteizko taldea da, 80ko hamarkadatik ska eta reggaea egiten dituena, eta, The Limboos taldeak, berriz, rock-and-roll eta rhythim-and-blues estiloak lantzen ditu. Dabadabara etorri den guztietan aretoa bete du, eta, pentsatu genuen, ‘zergatik ez ditugu parkera ekartzen milaka pertsona dantzan jartzeko?’», adierazi zuen.

Donostia Kulturako Kultur Ekintzako arduradun Jon Aizpuruak aipatu zuenez, doako jaialdia izanik oso zaila da zenbatzea zenbat jende pasatzen den parketik egunean zehar. Hala ere, 4.000 pertsona inguru gerturatu ohi direla kalkulatzen dute. «Iaz eguraldi ona egin zuen eta familia ugari erakarri zituen jaialdiak», aipatu zuen. Aurten ere eguraldi ona egitea eta Kristinaenean egun polit bat pasatzera ahalik eta jende gehien gerturatzea espero dute.

ELKARLANA


Elkarlanean antolatutako jaialdia da Donostiakoa. 2016ko kultur hiriburutzaren baitan sortu zen, eta, arrakasta izanik, orain arte mantendu dute.