Joseba Garmendia
EHUko irakaslea
GAURKOA

Tokiko garapen eraldatzailea

Herri edo eskualde mailako garapen estrategia guztiak ez dira berdinak. Batzuek ikuspegi liberalagoa dute eta enpresa berrien erakarpenera eta azpiegituretan inbertitzera mugatzen dira ia. Beste batzuk lurraldeko baliabide eta indar endogenoak aktibatzean oinarritzen dira. Azken estrategia endogeno hauek zertan diren eraldatzaile hausnartu nahi nuke gaurkoan. Eta bide batez beste kezka bati erantzun: tokiko garapen estrategiak eraldatzailea izan nahi badu, ekonomia sozialeko egitasmoak soilik (kooperatibak, lan-sozietateak, ekintzailetza komunitarioa…) sustatzera mugatu behar du?

Tokiko garapenaren eta ekonomia eraldatzailearen arteko harremanean espazio komunak daude, baita ezberdintasunak ere. Gure ingurunean, tokiko garapenaren funtzio nagusia pertsonak lurraldeari atxiki ahal izateko baliabideak, errentak, zerbitzuak eta etorkizuna eskaintzea izan da, lurraldeari erroturiko sare produktiboa sustatuz edota pertsonen enplegagarritasuna bideratuz. Sare produktiboaren gaineko aktuazioa ez da mugatu ekonomia sozialeko enpresetara. Edozein motako enpresetan eragin da jarrera proaktiboa izan denean. Tokiko garapenaren markoari normalean ez dagokio lan baldintzez zein soldata duinez jardutea, lan harremanen esparrua hein handienean sindikatu eta enpresariei baitagokie. Eta arlo horretako interbentzio eskuduntza ez dago udalen esku, Estatu mailako erakundeetan baizik oro har. Hala ere, enpresa berriak sortzerakoan lan baldintzak duintzeko gatazka sozialerako markoak eta aukerak ere sortzen direla jabe izan gaitezen. Gainbalioa lehiatzeko aukerak, alegia.

Tokiko garapenari ez zaio berez eraldatzailea izatea eskatu. Baina eraldaketan laguntzeko markoak, politikak eta aukerak eskaintzen ditu. Zer ulertzen dugu, ordea, eraldaketaz? Eraldaketa egungo sistema sozial eta ekonomikoa modu sakonean aldatzea eta gizartearen gehiengoaren zerbitzura printzipio askatzaile eta berdinzaleen arabera jartzea bada, sozialismoa bezalako proposamenak kasu, elementu klabeak tokiko eskalan baino estatugintzaren esparruan kokatzen dira.

Kapitalismoa ez zen enpresa pribatuaren sorrera eta hedapenarekin soilik finkatu. Merkatu-ekonomia eta lur, lan eta diru-merkatuak arautzeko erreforma instituzional handien gainean eraiki zen. Era paraleloan, gizarte eta ekonomia postkapitalista batek erreforma instituzional sakonak ezinbesteko izango ditu, Estatu eskalako boteretik etorriko direnak hain zuzen ere, maila horretan kokatzen baitira lan arauketa, ongizate-sistema, politika fiskala, finantza-politika, energia politika, hezkuntza politika eta pareko arloak eraldatzeko ahalmenak. Pentsatzeak praktika alternatibo hutsekin sistema eraldatu daitekeela edota boterearen (eta subiranotasunaren) dimentsioari begiratu nahi ez izateak edo horrekiko era neutralean agertzeak ibilbide mugatua du.

Hala eta guztiz ere, tokiko garapenerako esperientziek subjektu komunitario eraldatzaile eta prozesu sozial zein politikoetarako humusa ureztatu dezakete, ahalduntzea (plano mentalean, sozialean eta materialean), identitate kolektiboak, harreman dentsitatea eta demokratizazio prozesuak elikatzen dituzten neurrian. Eta hori guztia subjektu politiko bilakatzen jakin eta asmatzen den heinean.

Eraldatzaile adjektiboa modu apalagoan erabiltzen badugu, hala nola, «jendarte justuago baten eraikuntzan kolaboratzea; interes sozialeko proiektuak izatea; autonomia eta kudeaketa demokratikodun irizpideekin funtzionatzea; sortzen den aberastasuna modu parekidean banatzea edota ikuspegi sozialetik eta ingurumenarekiko jasangarriak diren praktikak garatzea», tokiko garapen estrategiek badute zer eskaini.

Krisi egoeran eraikitako tokiko garapen esperientzietan ekonomia sozialak protagonismo berezia izan du, kooperatiba edo lan-sozietateen bitartez usu. Are sakonduz, tokiko garapen esperientziek eragin positiboak izan ohi dituzte jokabide kolektiboan hainbat faktore sendotuz. Adibidez, baikortasun antidistopikoa, lurraldearekiko ardura eta konpromisoa, proaktibitatea, inplikazio komunitarioa, berrikuntza soziala, auzolana/herrilana, edo balore aurrerakoiak (elkartasuna, justizia, berdintasuna, zaintza, generoa, ingurugiroa...). Paco Alburquerquek esango lukeen bezala, lehiakortasun sistemikoaren «meta» dimentsioa aberasten dute, aktoreak antolatzeko estrategiak, erabakiak hartzeko gaitasuna, ikuspegi estrategikoa eta adostasunak lortzeko gaitasuna trebatuz. Bestalde, Sergio Boisierrek identifikaturiko kapital ukiezinak ere indartu ohi dituzte (kognitiboa, sinbolikoa, kulturala, instituzionala, psikosoziala, soziala, zibikoa eta giza-kapitala), eta helburu sozialetara zuzenduriko akzioak pizteko ahalmen soziala edo kapital sinergetikoa biderkatu. Agerikoa den bezala, elementu horiek ekonomia sozialeko egitasmoentzat marko lagungarria osatzen dute.

Amaitzeko, tokiko garapenak ardura dauka ekonomia pribatuan ere eragiteko, lanpostuen zati handiena bertan kokatzen delako eta bere funtzioen artean garapenerako oinarri ekonomiko materialetan gizartearen mesederako eragitea dagoelako. Norabide horretan, enpresek balio erantsi altuagoko marjinetan kokatzera lagundu arabera, soldata eta lan baldintza hobeagoetarako tartea zabaltzen da. Praktikan, askotariko esparruetan onurak ahalbidera daitezke: mikroenpresen eta enpresa txikien ahuldade eta zaurgarritasunak gainditzeko sareak eta elkarlana, kanpokotasun teknologiko eta ez teknologikoen sustapena, transakzio-kostuen murrizketa, erabakietan irizpide finantzarioez gain beste batzuk barneratzea (lurraldea, kohesioa...), kontsumo eta aurrezki/inbertsio autozentratuaren bidezko errefortzu mekanismoak... Are gehiago, Benjamin Coriatek aspaldi esan bezala, gaur eta etorkizunean lehiakortasunerako antolakuntza eta teknologia-faktoreak lan-harreman demokratikoagoekin soilik bateragarriak badira, tokiko garapen agentziak norabide horretan bultzatzeko tresna baliagarriak dira.