Haritz LARRAÑAGA
HAURREN EGUNA BAIONAN

BAIONAKO HAURREK «ENTZIERRO TXIKIKO PATROI» IZENDATU DUTE LEON ERREGEA

ZAKUEKIN LASTERKA, ZIGANTE ETA BURUHANDIEKIN DANTZAN, EDO ZEZENEN AITZINEAN KORRIKA, HAURREK BAIONA HARTU ZUTEN BEREN EGUNEAN. IAZTIK LO ZEGOEN LEON ERREGEA EUSKARAZ IRATZARRI OSTEAN LEHERTU ZEN BESTA.

Txistulari eta dultzaineroek iratzarri zituzten Baionako kaleak. Jarraian, teknikariek egin zituzten soinu probak entzun ziren karrika ertzetako bozgorailuetan, eta azkenik, haurren irri eta algarak bilakatu ziren Lapurdiko hiriburuko soinu nagusi.

Betisoa peñak txokolate beroa eskaintzen zuen haurren karrika lepo zen. Artean, zaku karreran parte hartu behar zuten lagunek ilaran itxaroten zuten beren txanda. Zortzinaka plazaratzen ziren, kasu batzuetan beraiek baino handiagoak ziren zakuekin, eta argazkia ateratzeko parean jartzen ziren gurasoek lekua libratzen zutenean, jostailuzko korneta hotsak irteera iragartzen zuen.

Leon erregea patroi

Lehen aldiz «entzierroaren abestia» abestu zuten haurrek, eta euskaraz, Leon erregea beren patroi izendatu zuten: «Entzun Leon erregea, zu zaitugu patroi, zuzendu gure oinarrak, entzierro hontan otoi».

Zeruan lehertu zen suziriaren danbadak ez zuen isilarazi korrikalarien kalapita, eta iskanbila handitzen joan zen, artzainek gidatuta, unibertsitateko malda jaisten zuten zezenak gerturatzen zihoazen neurrian. Zezen beltz batek beldurra eragin zuen, hesiak jotzen baitzituen bihurguneetan, baina ez zen zauriturik izan.

Leon iratzartzeko tenorea ere iritsi zen, eta, lehen aldiz, euskaraz iratzarri zuten errege lotia. Europako dantza urbanoen lehiaketa irabazi duten 64 Degrres taldeko dantzari gazteek bota zituzten hiriko hiru giltzak jendartera, eta milaka haurrek zapiak jasota erantzun zuten.

Hiriko txoko guztiak hartu zituzten haurrek jarraian. Indartsuenek herri kirolak egin zituzten Patxa plazan, eta tiobiboek atseden gabe funtzionatu zuten. Izan ere, haurren eguna zen.