Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Elkarteen arteko «giro onak» busti zituen Baionako karrikak

Elkarteen Eguna izaten da ostirala, Baionako besta eremuan sartzeko ordaindu behar den lehen eguna. Patxa plazan «bertsolari musikatuak» eta mutxikoak izan ziren protagonistak. Erro Bat elkarteak karrikak dardarazi zituen danborren harrabotsekin, eta peñak, elkarren artean lehiatu ziren Merkatu plazan. Euriak bezala, jaiak ere ez zuen etenik izan Baionan.

Baionako Herriko Etxeak aurten estreinatu dituen langargailuen beharrik ez zuten izan Elkarteen Egunean. Asteazken gauean bestak hasi zirenetik beroa izan zen nagusi, eta ez zuten etenik izan Askatasunaren plazan zoruko zulotxoetatik ateratzen ziren ur turrusta meharrek. Atzo, ordea, ura goitik behera erortzen zen, ez alderantziz.

Aterrunerik izan zen, baina bestak ez zuen etenik izan. Hiria iratzartzeko karrikak zeharkatzen dituzten musikariez gain, Erro Bat elkarteko danborradak ere itzuli oparoa egin zuen. Hogeita sei urte daramate dunbotsa zabaltzen, eta esperientzia agerikoa da. Gidariak, bere gudarostea gidatzeko makilaz zuzentzea nahikoa ez, eta aldi berean txistua ere jotzen zuen.

Leon erregea bigarrenez esnatu behar zuten haur bestazaleekin bat egin zuten eguerdian 30 danbor jotzaileek. Zigante eta buruhandiak ere haiekin ziren, eta guztien artean, euskaraz zenbatu zituzten Leon erregearen erridauak irekitzeko falta ziren segundoak.

Mutxikoak Patxa plazan

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek, errima eta doinuaz harago, edozein musika estilorekin bertsoak egiteko gai direla erakutsi zuten Patxa plazan eskaini zuten emanaldian. Doinu punkietatik hasi eta habanera doinuetara, gitarra, biolin eta akordeoi baten laguntzaz, bertsoak musika estilo anitzetara moldatu zituzten.

Euriaz babesteko karpa gehigarria ezarri zuten, eta bertaratu ziren ehun entzule inguruk, txaloka erantzuten zituzten oholtzatik iristen ziren «bertso musikatuak». Hain zuzen ere, Patxa plazan bertsolaritzari leku berezia eskaintzen diote, gainerakoan, antolatzaileek sarri salatzen duten moduan, «bertsoak eta euskarak, oro har, ez baitute lekurik programa ofizialean».

Patxa plazan atzo estreinatu zuten bigarren animazioa mutxikoak izan ziren. Lafitek, Irungarayk eta Etcheverryk musika jo eta dantzariak gidatu zituzten, aurten berritu duten plazako zoru garbian.

Triath’drole

Ostirala Elkarteen Eguna izaten da Baionako bestetan. Elkarte anitzek beren peña osatzen dute jaietan elkarren artean lehiatzeko, edo jaiei begirako ekimen zehatzak antolatzeko. Programa ofizialean nahiz programa ofizialetik kanpo, peñei esker aurrera ateratzen diren aktibitate anitz izaten da.

Horrez gain, enpresetako nagusiek beren langileak jatetxe batean bazkaltzera gonbidatzen dituzten eguna ere izaten da. Ondorioz, bazkalostean jendea besta gogoz ateratzen da kalera, eta elkarteen arteko jokoak izaten dira besta gura horren adierazle nagusi.

Aurten herriko etxetik Merkatu plazara lekualdatu ziren peñak eta Triath’drole (triatloi irrigarria) jokoetan itzelezko giroa izan zen beste behin ere. Ikusleek plastikozko zira finekin babestuta jarraitu zituzten norgehiagokak, baina lehiakideek ez zuten bustitzeko beldurrik, jada «irriz blai ziren».

Atzo, gaur eta bihar, besta gunean sartzeko eguneko 8 euro ordaindu behar ditu bisitariak, baina ez dirudi horrek bestazaleak uxatzen dituenik.