10/08/2019

Indarkerian dituen ardurak bere gain hartzeko eskatu dio Foro Sozialak Madrili

Foro Sozialaren ustez, adierazgarria da azkeneko hamarkadan polizia kopurua %22,6 txikitu izana. «Giza eskubideen urraketetan izandako ardura politikoa» bere gain har dezala eskatu dio orain Madrili.

GARA|DONOSTIA

AURRERAPAUSOA


«Aurrerapauso garrantzitsua litzateke Espainiako Gobernuak giza eskubideen urraketa horien ardura izan zuten gobernuen izenean bere gain hartuko balu bere ardura politikoa eta biktimei barkatzeko eskatuko balie», adierazi du.

«Giza eskubideen urraketetan izandako ardura politikoa bere gain hartzea aurrerapausoa litzateke». Horrela zuzendu zaio Foro Soziala Gobernu espainolari eta Estatu indarkeriaren inguruko zenbait datu mahai gainean jarri ditu.

Foro Sozial Iraunkorraren mezu honen abiapuntua aurreko astean ezagutu zen Estatuko Segurtasun Indarren pixkanakako murrizketa da. Hori aurrerapausotzat jotzen du eta gogora ekartzen du 2013an jada gomendio hori egin zuela.

Hori esanda, beste aurrerapauso bat eskatzen du. «Guardia Zibila eta Polizia Nazionala, beraien funtzioen jardunean, giza eskubideen urraketa ugariren arduradun izan dira, gure herriak bizi izan duen indarkeria zikloan. Horien eskuetan, 219 lagunek galdu zuten bizia, Egiari Zor Fundazioaren arabera, eta 746k garrantzi handiko zauriak pairatu zituzten, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Horretaz gain, Euskal Jaurlaritzaren enkarguz eginiko torturen txostenaren arabera, EAEn dokumentatutako 4.113 kasuetatik Guardia Zibila 1.792 kasutan nahasia dago eta Polizia Nazionala, 1.785 kasutan».

«Gure ustez, aurrerapauso garrantzitsua litzateke Espainiako Gobernuak, giza eskubideen urraketa horien ardura izan zuten gobernuen izenean, bere gain hartuko balu bere ardura politikoa eta biktimei barkatzeko eskatuko balie», dio.

Indarkeria horren biktimek «‘bigarren edo hirugarren mailako’ biktima sentitzen direla jakinarazi digute. Errekonozimendurik gabe eta baztertuta daudela diote. Euskal gizarteak ezin du ontzat eman ETAren, GALen edo kidego parapolizialen biktima bakar bat sekula sozialki edo instituzionalki baztertuta sentitzea berriro ere», erantsi du Foro Sozialak.

Bestalde, presoen aldeko mobilizazioak izan ziren Lekeition (102), Deban (45), Mutrikun (50), Agurainen (27), Zarautzen (100), Ondarroan (151), Gasteizen (210), Beran (13), Oreretan (114), Arbizun (45), Iruñean (103), Galdakaon (41), Donostian (111). Eta Txantrean (33) eta Donibanen (22) ostegunean.